'Bichta éder'

Ildo ikusezinen arragoan

Idazlea: Eneko Bidegain. Argitaletxea: Elkar.

2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bichta éder da Eneko Bidegainen nobela berriaren izenburua. Vermandois jauregiarena —Altzugaraia etxea jatorriz— da azaleko irudia, eta inguruko lurretan Levallois SA promotorak eraiki nahi duen luxuzko gunearen deitura da, berez, Bichta éder. Izen, une eta gertaera ugari biltzen ditu eleberriak, eta garai batetik bestera jauziak eginez harilkatzen ditu pasarteak autoreak, Eñaut protagonistaren bitartez. Historia eta istorioak uztartuz, pertsonaia saldo baten gorabeherak aurkezten zaizkigu, historia garaikidearen ur nahasietan igeri.

Gaur euskarazko hedabideko kazetaria da Eñaut Oihenart, hainbat urte atzerrian eman ondoren Euskal Herrira itzuli dena. Gaztea izanagatik, bizitzaren bideetan dagoeneko bihurgune batzuk hartutakoa da; Euskal Herriko giro politikoan kokatu ezina eta desengainu sentimentalen bat elkartu zaizkio. Bere burua ezin aurkituta dabil. Halako batean, herriko Vermandois jauregi inguruan eraikitzekotan diren proiektuaren peskizan jarri, eta, Theodore azkenengo jabearen figurari tiraka, ikerketa abiatuko du. Hari-mataza trinkoa zabalduko zaio orduan. Bilbe horri heltzen dio kontakizunak. Hari-mutur ugariko korapiloa da, izan ere; pertsonaia mordoa eta askotariko gai historiko-sozialak —lukurrereriazko proiektu urbanistikoetatik hasi eta naziekiko kolaborazionismora, gerra zikinetik eta ultraeskuineko mugimenduetatik igaroz—. Tartean, mugimendu sozialen kontraesanak, kazetaritzaren egungo egoera edo maitasun harremanak aurki daitezke, besteak beste.

Estilo arina darabil Bidegainek —kazetariaren eskua nabari daiteke—, narrazioa ondo gobernatzen dakienarena, noiz edo noiz zenbait egitura eta esaeren erabilera errepikakorra egiten badu ere, batik bat pertsonaien barne bakarrizketak aditzera ematerakoan, liburu osoan nagusi den hirugarren pertsonadun narratzaile orojakilearen barruan, zehar estilo librearen bidez. Bestela, esan bezala, erritmo doia ematen dio narrazioari, eta gaitasuna erakusten du eszenak behar baino gehiago ez luzatzeko. Nahiz eta sarritan zorabiagarria suerta daitekeen planoen tartekatzea, Eñauten ibilerek zutabe lana egiten dute, Bidegainen kaleidoskopioa orekatuz. Bestalde, tankera honetako eleberrietan —intriga kutsu nabarmenekoetan— berebizikoa den informazioaren dosifikazioan ere eraginkor ageri da autorea.

Bilbearekiko gehiegizko menpekotasuna antzeman dut nobelan, baina. Interesgarria da liburuko orainaldiaren eta lehenaldiaren hartu-emana, pertsonaien arteko ildo ikusezinak jorratzen dituenez. Bilbearen tirania neurri batean hortik dator, ordea, kasuak markatzen duenez liburuaren ibilbidea. Eta nago pertsonaien karakterizazioari eta, narratibitatearen gainetik, literariotasunari mesede gehiegirik ez diola egiten. Hau da, pertsonaiak txotxongilo huts izateko arriskuan egon daitezkeela. Halaber, uneren batean azalkeriara lerratzen da kontakizuna. Ez irakurketa ozpintzeraino. Esanak esan, hortaz, irakurketa gozagarria da Bichta Éder. Estilo bizian kontatutako istorioen arragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.