Kritika. Artea

Iruditeria berriak

Susan Ciancioloren erakusketa Cibrian galerian. GORKA RUBIO / FOKU
Susan Ciancioloren erakusketa Cibrian galerian. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Susan Cianciolo

Askotan mahaigaineratu izan dut museo eta arte espazioen izaera sakralizatua sekularizatzeko beharra; alegia, espazio izpiritualetan hartu izan ohi ditugun portaerak gainditzekoa. Baina aitortzen dut oraingoan, nire egoera pertsonala zela eta, propio, esperientzia horren bila joan nintzela. Ez nuen, ordea, museo handi batetara joateko gogorik, aretoz areto ibiltzekorik, nahi baino jende gehiagorekin topo egitekorik. Espazio txiki batera egin nahi nuen bisita, errealitatetik kanpo kokatutako beste espazio batera trantsizionatuko ninduten horma zuriz inguratuta; eta bakarrik. Bakarrik egon nahi nuen bertan; ni, nire pentsamendu, nire sentsazio eta esperientziekin; nire emozioekin eta emozioek espazioan bertan topatuko nituen objektuekiko erlazioan jasango zuten eraldaketekin. Eta galeria txikiek bermatzen dute hori. Horregatik joan nintzen Cibrian galeriara. Eta bertan topatu nuen Susan Ciancioloren The Giants of the Circle & The Birds of Circus, The Hawk Looks Out with The Golden Eagle, Adult & Juvenile banako erakusketa.

Cianciolok Cibrian galerian egiten duen bigarren erakusketa omen da, nahiz eta aurrekoa ez nuen ikusteko aukerarik izan. Dena den, oraingoan bereziki interesgarria iruditu zaidana zera da, proiektu hau artistak Euskal Herrian egindako egonaldi baten ostean sortu izana. Tarteka, halakoak egiten ditu galeriak. Programazio ildo honetan azkena ikusitakoa 2021ean Katinka Bockek egindako proposamena izan zen: euskal kostaldearekiko hurbilketa baten osteko emaitza aurkeztu zuen bertan, Segment with unknown radius izenburukoa. Mota honetako proiektuek gure inguru eta testuinguruarekiko distantzia hartzen laguntzen digute; kanpoko begirada baten bidez beste modu batera begiratzen; aurrez erreparatu ere egin ez genien xehetasunei arreta handiagoa jartzen. Eta prozesu horrek beste ulerkerak dakartza. Begirada eraldatzen du ezinbestean; aberastu egiten du, gure inguru eta testuinguruaren dimentsio zabalagoa erdietsiz.

Susan Cianciolori erraldoi eta buruhandien desfile eta kalejirek eman zioten arreta; bertako herri eta auzo guztietako jaien iruditeriaren parte direnak, baita gure haurtzarokoak ere. Nork ez du haiei lotutako oroitzapenik?

Herrietako pertsonaia historiko eta arketipo ezberdinen baitan sorturikoak izaten dira gehienetan, bereziki erraldoien kasuan. Bertako identitatearen erakusle dira nolabait, haien izaera monumental eta dotoreen bidez harro aurkeztuz.

Hala, Cianciolok pertsonaia eta arketipo berriak proposatu dizkigu haietan oinarrituta: orainalditik sortutakoak, eta orainaldiari erantzuten diotenak. Lau dira: In the sunset the peacock wears this dress; there is an angel Dog wearing A jacket and skirt, with wings; The blue dress the angel Dog also wears eta there are memories and dreams in this dress. Guztiek dute istorio partekatua, artistak poemen bidez eskaintzen diguna, eszenatoki edo gordailuaren hibrido gisara antolatuta dagoen espazioan.

Baina berriz ere poemak eta erraldoien izenburuak irakurrita, badirudi guztiak pertsonaia beraren izate ezberdinak ere izan daitezkeela; bere egoera pertsonalaren arabera itxura bat edo bestea, memoria batzuk edo besteak janzteko aukera izanaz. Baina zinez, ez dago zalantzarik guztiak artistak sortutako egoerak direla, haren identitatearen parte ere badirenak.

Hibridoak dira, memoriaz jantziak, prekarioak teknikaz, baina irmoak; eta badaezpada ere, batzuk, film garden baten bidez babestuak. Era honetan, badirudi jada sortutako iruditeriaz gaindi bisitariei ere beraien irudi propioak sortzeko gonbita irekitzen diela artistak, bereziki darabilen teknika prekarioaren bidez.

Geure buruari galde egin diezaiokegu ea baliagarriak ote zaizkigun oraindik ere iruditeria tradizionalak. Eta hala bada ere, nahikoak al dira guztiok haiekin identifikatzeko? Bada, erantzuna ezezkoa bada, Cianciolok eskaintzen digu soluzioa. Izan ere, nor ez da gai kateorratz bat ireki, eta haren bidez gainazal ezberdinak lotzeko?

Erakusketa aretoan, hainbat egituratik esekita daude erraldoi berriak, geldi, esperoan. Artistak aktibatzeko zain dirudite, gordeta, beraien desfile eta kalejira propioaren zain; geure herrietako erraldoien moduan. Inaugurazio egunean biziberritu omen ziren. Pena erakusketaren iraupen osoan behin soilik gertatzea eta hura galdu izana. Hau ez baita urteroko kontua izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.