Kritika. Musika

Ivan Ferreiro: gaur, atzo

Ivan Ferreiro, joan den larunbatean Coruñan emandako kontzertuan. CABALAR / EFE
Ivan Ferreiro, joan den larunbatean Coruñan emandako kontzertuan. CABALAR / EFE
2026ko maiatzaren 11
11:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

IVAN FERREIRO

Lekua: Bilbo Arena. Eguna: Maiatzaren 8an.

Joan den ostiralean, Bilbo Arenan, 3.333 lagunek aukera paregabea izan genuen Ivan Ferreiroren ibilbidea ospatzeko. Izan ere, hogei urte igaro dira bakarkako debuta, Canciones para el tiempo y la distancia, argitaratu zuenetik, eta 35 urte Los Piratas taldea sortu zenetik.

Abeslari galiziarrak bere 2026ko bira, Hoy por ayer izenekoa, Bilbon hastea erabaki zuen iaz. Eskertzekoa da, iazko irailean Getxoko Dalecandela jaialdian kontzertua ekaitzaren ondorioz bertan behera utzi behar izan baitzuen. Egun hartan amorruz, erabat bustita, itzuli behar izan genuen etxera. Bere musika malenkoniatsuak belaunaldi oso bat lagundu du bizitzaren erdiko bidean. Los Piratasen abestiekin nerabezarotik heldutasunera igaro ginen gutako asko. Horiei esker, gainera, batzuk gitarra jotzen eta gure kanta propioak idazten hasi ginen. Horregatik, gogotsu geunden kontzertua lehen aldiz formatu handian ikusteko.

Max Richterren Udaberria-rekin —Vivaldiren berrinterpretazioarekin— atera zen Ferreiro bere sei musikariekin eszenatokira, eta Hoy por ayer jotzeari ekin zioten, kanta modu esperimentalean amaituz. Ultrasónica diskoko Muertos elektrifikatu ondoren, Toda la verdad abestu zuen. Publikoari kosta egin zitzaion giroan sartzea, agian pabiloiaren hoztasunagatik. Une hartan, abeslariak bere burua aurkeztu zuen, honela esanez: «Gabon, Bilbo. Ezin genuen leku hoberik aukeratu bira hasteko. Ez naiz kantuak azaltzen luzatuko; nahiago dut gutxiago hitz egin eta gehiago kantatu. Gainera, abestiak zuenak dira».

Jokalekuaren aurreko harmailetatik ikuspegi bikaina genuen ikuskizun bisualaz gozatzeko. Taldea ilara batean zegoen, abeslariaren atzean kokatuta: Ricky Falkner baxuan, Amaro Ferreiro (Ivanen anaia) eta Emilio Saiz gitarretan, Pablo Novoa teklatuetan, Xavi Molero baterian eta Sergio Martinez Puga hainbat instrumentutan. Casa, ahora vivo aquí interpretatu zuten tximinia bateko suaren proiekzioarekin, goiko argiek etxe baten forma osatzen zuten bitartean. Ikuskizunaren zuzendaritza artistikoa kontzertuaren alderdirik nabarmenena izan zen. Bideoak ez ziren ezkerreko eta eskuineko alboetan proiektatzen; aitzitik, diskrezioz, taldearen atzean agertzen ziren, guztiz integratuta.

Modu organikoan txandakatu zituzten errepertorio berria eta zaharra. Los Piratasen klasikoak entzun genituen, hala nola Jugar con los coches eta breakbeat erritmoak lagundutako Teching. 1997ko Batman eta Robin filmaren soinu bandako funk-rock Mi matadero clandestino ere interpretatu zuen Ferreirok. Berriro ere, Promesas que no valen nada baliatu zuen El Último de la Filaren Insurrección kantarekin lotzeko. Era berean, Maga taldearen Diecinueve abesti ospetsuena den Turnedo batu zuen. Une hura, espero bezala, karaoke kolektibo bihurtu zen. Eta, jakina, ezin zen falta Años 80, belaunaldi oso baten ereserkia.

Oso dinamikoa izan zen ikuskizuna: anaiarekin gitarran, modu intimoan interpretatu zuen SPNB, eta geroago En el alambre kantaren soinu elektronikoarekin zoratu ginen. Emozioz beteriko bi ordu eta laurden izan ziren: guztira, 28 abesti, eta, nola ez, My Way abestiaren bertsio distortsionatuarekin amaitu zuten kontzertua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA