KRITIKA. Gasteizko 43. Jazzaldia

Jazz abangoardia

McCraven bateria jotzailea, joan den larunbatean Gasteizko Jazzaldian eman zuen kontzertuan. J.FONTANEDA / FOKU.
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun

Makaya McCraven eta Kamasi Washington

Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailak 20.

McCraven konpositore eta bateria jotzailea Paris eta AEBetako Mendebalde Ertainaren artean sortutako fenomeno bat da. Zaila da artista honen soinua kategoria zehatz batekin lotzea, baina ukaezina da duen estilo fresko eta garaikidea. Young Genius konposizioa da adibiderik nabarmenena: McCravenek eta bere taldeak —Ircin Pierce saxofoi jotzaileak, Matt Gold gitarristak, Junius Paul baxu jotzaileak eta Greg Spero teklatu jotzaileak— liluratu egin zuten Mendizorrotza, ia beteta zegoena, jazz eszenaren geroa erakusten duten konposizioekin, hala nola Atlantic Black, She Knew eta Suite Haus lanekin.

Saxofoi espirituala

Gaueko bigarren kontzertuak nabariago erakutsi zituen jazzaren erroak, baina modernotasunez ere jantzi zituen. Patrice Quinnen ahotsarekin batera, kiroldegia bete zuten Kamasi Washingtonen taldearen melodiek eta erritmo itsaskorrek; batez ere Malcom's Theme abesti biziarekin nabaritu zen hori. Taldeko musikari guztiek —Ryan Porter tronboi jotzaileak, Miles Mosley kontrabaxu jotzaileak, Ronald Bruner eta Tony Austin bateria jotzaileek; eta, nola ez, Washingtonek berak— teknika oso landua erakutsi zuten, eta baita beraien arteko kimika izugarria ere. Musikaren bidez, afro-amerikarren ahalduntzeari buruzko mezu oso interesgarria helarazi zuten, gaur egungo gizartean oso garrantzitsua dena. Fists of Fury boteretsua izan zen gaueko piezarik nabarmenena. Kontzertua bukaera ezin hobea izan zen 2019ko Jazzaldiarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.