Jazz zoragarria!

Cecile McLorin Salvant, atzo, Donostiako Trinitate plazan. JON URBE / FOKU
Cecile McLorin Salvant, atzo, Donostiako Trinitate plazan. JON URBE / FOKU
2026ko uztailaren 25a
15:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

DONOSTIAKO 61. JAZZALDIA

Benito Gonzalez maracaiboarrak hasiera ezin indartsuago batekin astindu du pianoa Coltranen tributoa izan den Trinitateko kontzertuan, eta Azar Lawrencek (Los Angeles, 1952) era sinestezin batean ekin dio saxoari. Zalantzarik gabe, Coltranen saxoa ondo baino hobeto ezagutzen duela erakutsi digu. Horrelako omenaldi baterako musikari ezin hobea dugu Azar Lawrence jauna. Ez da inondik inora ere pastiche bat izan, ez. Saxoa oso organiko entzuten genuen, oso benetakoa. Coltranen eragina jazz saxo jotzaileen artean handia izan da, eta zenbait saxo jotzaileentzat zaila izan da haren itzaletik aldentzea. Baina bart gauekoa oso kontzertu orekatua izan da. Maisulan bat.

Lawrence jaunak jazzaren historian izan diren handienekin jo izan du; McCoy Tyner edo Miles Davisekin, esate baterako. Bestalde, Essiet Essiet bikain aritu da kontrabaxuarekin. Guraso nigeriarren semea da, Nebraskan jaiotakoa. Hatz zehatzekin doinu sakonak eta solo miresgarriak eskaini dizkigu. Eta, bestetik, Brandon Lee perkusioarekin ondo baino hobeto. Estilo inpultsibo eta pittin bat urratzailearekin kontzertua biziagoa izan dadin lagundu du. Benito Gonzalezen abesti luze bat jo dute, filigranaz beteriko aldaketa erritmiko eta melodiko ikaragarriz osatua. Gonzalez irribarrez, gustura, eta betiere kementsu. Artista handia dugu zalantzarik gabe, dinamismo ikaragarria duen piano jotzaile bikaina. 

Azar Lawrence jaunak Naima abestia jo, eta liluratu egin gaitu. Eta are gehiago emozionatu gara saxo sopranoarekin aski ezaguna den My Favorite Things interpretatu duenean. Gora Coltran eta gora Azar Lawrencen laukotea.

Cecile McLorin Salvant

Cecile McLorin Salvant dugu egungo jazz abeslari interesgarrienetako bat. Edo agian esan beharko genuke, besterik gabe, abeslari bikain bat, zeren, jazzean aritzen da, bai, baina baita XVII. mendeko barrokoko musikan ere. Edo, auskalo! Musikaren lurralde guztietan sartzen den emakume zoragarria da, eta, gainera, lurralde guztietan bikain murgiltzen den abeslaria.

McLorin anderea Miamin jaio zen, 1989an. Aita mediku haitiarra eta ama frantsesa ditu. Beraz, abeslaria hizkuntza ezberdinetan hezia izan da, baina jasotako heziketa miresgarrienak haren ahotsarekin du zerikusia. Erakusten duen teknika izugarria da: tinbre aldaketa ezinezkoak egiten ditu, afinazio perfektua du eta ahotsa moldagarria du erabat. Gainera, sentibera eta jostalaria da era berean. Vaudeville batean murgil gaitzake edo music hall batean. Baita Louis Aragonen hitzetan murgildu ere: «Est- ce ainsi que les hommes vivent...». Lole eta Manuelen Todo es de color bezalako kanta bereziekin ausartzen da, baita Lo tuyo es puro teatro Tite Curet Alonso puertorricarraren abesti zital eta garratzarekin ere.

Zortzi urte dira azken aldiz Trinitate plazan ikusi genuela, eta, orduko hartan harekin batera lagun zituen aurten ere ondoan izandako bi kide: kontrabaxuan, 1982an Tokion jaiotako Yashusi Nakamura, musikari fina, atsegina, zaildua, eta Cecile McLorinekin lotura ezin hobea erakusten duena. Bestetik, Sullivan Fortner piano jotzaile bikaina, 1986an New Orleansen jaioa. Sintetizadoreak ere jotzen ditu. Trebea dugu, eklektizismo finez jarduten da, eta estilo ezberdinetara oso ondo egokitzen da. McLorin anderearekin sinbiosi kasik telepatikoa duena.

Izugarrizko plazera musikari hauek eskaini digutena. Kontzertu miresgarria, zoragarria. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA