Kritika. Literatura

Kafesne bat, mesedez

'Cafe Mokka' liburuaren azala.
2026ko maiatzaren 3a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'CAFÉ MOKKA'

Kafetegiko barraren ertzeko eserleku batean jarrita, eguneroko bezeroei begira eta euren elkarrizketetara adi, kafesne bat edaten eta mokadutxo bat jaten irudikatu dut neure burua Alberdaniak oraintsu argitaratu duen Jabier Muguruzaren Café Mokka eleberria irakurri bitartean. Alberto izeneko zerbitzariaren talaiatik kontatzen zaizkigu halako espazio sozial eta dinamiko batean gertatzen diren eguneroko interakzio txikiak. Harreman eta elkarrizketa horiek irekiko dituzten arrakalak baliatuko ditu autoreak, hain zuzen ere, gaur egungo auziak, iritzi eta hausnarketa pertsonalak eta gai sozialak mahaigaineratzeko: musika, heziketa, bikote harremanak, feminismoa, psikologia, filosofia, literatura, besteak beste. Horretarako, alegia, fikziotik eta kontalariaren baitatik gizarteari begira jarri eta egungo auziez hausnartzeko, lehenengo pertsonako narratzailea baliatu du autoreak; ahots horrek aukera eman dio, aldian narratzaile-protagonistaren ahotsik intimoenera salto egiteko, fikzioan barneratzeko, eta aldian, ostera, saiakeratik hurbilagoko erregistrora bueltatzeko, hausnarketetara. Batetik besterako txandakatzea, gainera, ia oharkabean eta natural egiten da; igartzen da Muguruzak tentuz eta zuhurtziaz hautatu duela ikuspuntua, eta asmatu egin duela, gainera. Horra hor obraren meritu handiena.

Nobela gisa aurkezten zaigun arren, eta nahiz eta horretatik ere baduen, iruditu zait fikzioak eskaintzen dizkion aukeren artetik, autorearen hausnarketak gailentzen direla obran, bai kuantitatiboki, baina, batez ere kualitatiboki; ez dakit, funtsean, fikzioa ez ote den gogoeta horiek guztiak papereratzeko tranpolina, pausu bat atzera egin, eta saiakerara salto egiteko idazleak behar duen bultzada. Izan ere, irakurleak ez du aurkituko nobela gisa ulertzen dugun proposamen literario bat bere horretan, nobelaz mozorrotutako iritzi eta hausnarketa multzo bat baino; Ramon Saizarbitoria idazleak liburuari egindako hitzaurrean aurreratu bezala: «Fede onekoa, argia, ongi idatzia, saiakeratik asko duena. Ez dakidana da kritikak entsegu-nobela edo nobela filosofiko bezala sailkatuko duen, baina egiaz, Platonen Elkarrizketen zera dariola iruditu zait niri». 

Etiketak baino ez dira, egia da, sailkatzeko irakurleok —eta sistema literario osoak— baliatzen ditugun kategoria abstraktu eta estatikoak. Hala ere, maiz, irakurketaren emaitza baldintza dezakete, irakurleak egiten duen paktu fikzionala oso bestelakoa izaten baita nobela batean edo, adibidez, saiakera batean. Eta nago kasu honetan ere gauza bera pasa daitekeela, alegia, irakurketaren emaitza eta prozesua irakurleak horretarako aukeratzen duen perspektibaren araberakoa izango dela: irakurleak nobela hegemoniko bat aurkituko duen esperantzarekin irakurtzen badu, segur aski ez du emaitzak guztiz asebeteko; liburura bestela hurbilduta, eta harekin bestelako paktu bat eginda, ordea, Café Mokkara sartu, kafesne bat eskatu, eta azken orrialdera arte geratuko da eguneroko interakzio eta arrakala txiki horien abaroan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA