Euskadiko Orkestrak eszenatokia kolorez betetzeko moduko programa aurkeztu du denboraldi berriari hasiera emateko, alderdi instrumentala ez ezik ahotsa ere erdigunean jarriz.
Hector Berliozek 1828an konposatutako Herminie kantatak, printzipioz, ez dauka ezohikotzat jotzera eramango gintuzkeen elementurik: kantata gehienek bezala, sarrera instrumentala eta, ondoren, errezitatibo eta arien segida aurkezten du, poetikotasuna eta orkestrazio bizia batuz. Libretoan, zaurituta dagoen Tancredo artatzeko Clorindaren armaz janzten den Herminia da protagonista. Miren Urbieta-Vegak sentiberatasun handiz ekin zion maitasun fidel bezain atsekabetua haragiztatzeari, ahoskera bikain eta proiekzio zuzen, borobil eta konstanteaz lagunduta. Ez zegoen oso argi, haatik, Blunierrek zer lortu nahi zuen obrarekin, noruntz gidatu nahi zituen ahotsa eta orkestra; hala, sekzioen artean deskonexioa nagusi zelako sentsazioa sortu zen, soinu-mailak zaindu gabe, eta dinamikak askoz gehiago zabaldu zitezkeela zirudien. Hala ere, hirugarren aria eteten duen otoitzaren samurtasunak zein bigarrenaren bizitasunak, orkestrako hariek trinkotasunez eutsita, edertasun aztarna utzi zuten.
Dena den, eta Berliozen lana gutxietsi gabe, orkestrazioaz ari garenean Maurice Ravelen gaitasuna eta inspirazioa gailendu egiten dira halabeharrez, are gehiago Dafne eta Kloe sinfonia koreografikoaz ari garenean. 1909 eta 1912 artean idatzia, eta estreinaldian arrakasta handirik lortu ez bazuen ere, instrumentuak koloreak bailiran maneiatzen ditu Ravelek bertan, paleta askotarikoa, irudimentsua eta aldi berean guztiz koherentea sortuz. Kontzertuaren bigarren zatiak, hortaz, bazituen musikarien tasunak azaleratzeko baldintzak. Izan ziren, tarteka, une argiak, eguzki-izpiek zeharkatuta dirdai egiten duten tanten antzekoak, baina, oro har, musika opakua aurkeztu zen, motela, dantza-printzarik gabea, eta abesbatzak Ravelen ehundura aberats eta definituari gehitu beharko liokeen berariazko pigmentua ez zen sumatu ere egin.
euskadiko orkestra