'La luz de un lago'
Konpainia: El Conde de Torrefiel. Zuzendaritza, testuak eta dramaturgia: Tanya Beyeler, Pablo Gisbert. Eszenografia: El Conde de Torrefiel eta Isaac Torres. Argiak: Manoly Rubio Garcia. Soinu-diseinua: Rebecca Praga, Uriel Ireland. Bideoak: Carlos Pardo, Maria Anton Cabot. Agertokian: Mireia Donat Melus, Mauro Molina, Isaac Torres. Lekua: Bilboko AZko auditoriuma. Eguna: Ekainak 25.
El Conde de Torrefiel konpainiak Bartzelonan du egoitza, baina bere bi sortzaileak Europa latinoko beste bi lekutatik etorri ziren Kataluniara ildo bikoitzean jarduten duen taldea sortzeko: Tanya Beyeler Luganotik (Titzino, Suitza) eta Pablo Gisbert, Ontinyentetik (Valentzia, Herri Katalanak). Beraiek sortutako La Veronal taldeak dantzan jarduten du nagusiki, eta orain Bilbora etorri den El Conde de Torrefiel antzerkiaren arloan aritzen da. Baina ez edozein antzerki motatan, suposatzekoa denez AZko ildo artistikoaren arabera. Horren testigu izan dira Euskal Herriko hainbat lekutatik etorri diren arte eszenikoetako sortzaile aurreratu nabarmenak.
Eta zer dauka, bada, konpainiak, hain erakargarria suertatzeko gure begi eta bihotz aspaldidanik aspertuentzat? Eremu eszenikoa ia hutsik zegoen, behar-beharrezkoak ziren elementuekin hornitua besterik ez: bi panel zuri mugikor handi eta haien arteko egitura tekniko zentral bat izan dira elementu nagusiak. Egitura horretatik eskegita une batzuetan bakarrik agertu den tapiz erraldoiak harriak, hesteak edo zizare izugarriak irudikatu zitzakeen, baina bere balio artistiko itzela gorabehera, laster desagertu da eszenatik, artista hauen apaltasunaren erakusgarri. Egiturari buelta emanda, bozgorailu baten bibrazioak irudikatu dira haren oihal beltzean off-eko ahotsa entzuten zenean. Beste gauza asko izan dira artistikoki eredugarri, hala nola testu proiektatuen interes sakona eta gogoeta maila eta, bide batez esanda, txukuntasun ortotipografikoa, lotsagabeki ia inoiz jagoten ez dena arte eszenikoetan.
Hasiera batean esan digute lau istorio desberdin azalduko zizkigutela, eta haien artean ez zegoela loturarik. Gero deskubritu dugu engainatuak izan garela, benetako loturak inoiz espero ez ditugunak izaten direlako. Eta bitartean, irudirik gabe ikusi dugu Manchesterren izandako Massive Attacken kontzertu bateko filma haren azpitituluak irakurriz eta musika entzunez, Atenasko Lux zinema dekadentean gertaturiko tragedia homosexual baten berri jakin dugu eta Parisko metroan doan emakume transexuala ezagutu dugu. Etxera ailegatutakoan gaztetan amamak idatzitako gutuna zabaldu eta leitzen duen bitartean interprete batek beltzez margotu du hemezortzi metro koadroko panel zuria txukun eta pausatuki, pasarte hunkigarri eta ezin poetikoagoa sortuz agertoki osoa iluntzen zuen bitartean. Zergatik egiten zaizkigu hain erakargarriak halako ekintza metodikoak eta, ustez, xederik gabeak?
Antzerki-konbentzioetatik askoz harago doan muntaia honetan nabarmenak izan dira irudi pixelatuen proiekzioak eta ohiko ekintza eszenikorik eza, zeren eta interpreteen jarduna panelak, oihal altxagarriak eta bestelako objektuak leku batetik bestera mugitzera mugatu baita, betiere lasai-lasai ibilita proposamenak transmititu nahi zigun barne bakearen mezulariak balira bezala. Azken eszenan ere gorde dute bake hori, wow-art delakoaren kontrako ekintza gauzatu eta horren inguruko manifestu esanguratsua irakurri dutenean.