Kritika. Musika

Legendak eta epopeiak

Sabaton 1
2025eko urriaren 26a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

sabaton

'Legends'. Diskoetxea: Better Noise Music. 

Garai onak dira suediar taldearentzat. Bere nortasuna sortu, hobetu eta zabaldu egin dute azken urteotan, nahiz eta zale batzuen kritikak jaso dituzten. Epikoa izaten jarraitzen du, martxa militarrak iradokitzen ditu oraindik ere (agian inoiz baino gehiago) eta soinuaren kalitatea base erritmikoak azpimarratzen du pasarte gehientsuenetan. Ahots eta koru handizkatuek oinarrizko funtzioa betetzen dute kantu gehienetan: bi, hiru eta lau ahotsetan egindako errepikek segurtasuna, indarra eta zehaztasuna txertatzen diote ia disko osoari.

Hamaikagarren disko hau ere epopeia baten modukoa da, eta nahiz eta oraingoan ez diren Lehen Mundu Gerran zentratu, efektua antzekoa da: historiako pasarte militar esanguratsuenetako batzuk hartu eta kantu bakoitzari testuinguru bat eman diote. Segur aski diskoaren lehen erdia da potenteena eta gantxo gehiena daukana, baina hori zale bakoitzak esango du, zein gustatzen zaion gehiago alegia. Templar kantuak sarrera epikoa (bai, saiatuko gara hitz hori, epikoa, askotan ez erabiltzen, baina Sabaton-ez ari gara!), handinahiz jantzitako koruak, soinu potente eta ahalguztiduna... hain zuzen ere koruek ematen diote disko honi daukan nortasunaren zati handi bat. Ez da gauza berria noski, baina agian lan honetan azpimarratu dute gehien aspektu hori, kantuen elementu zentrala bihurtu baitira. Hordes of Khan gantxo handiko kanta da, diskoko onenetakoa agian: bultzada berezia dauka, errepika polita, gitarra soloa... eta sintetizadoreak!

Teklatuekin hasten da A Tiger Among Dragons. Anbizioa transmititzen duen atmosfera, bigarren zatiko gitarra bikoiztuak, perkusio oso nabarmena, zehaztasun teknikoa... Gatz handiko kanta da. Crossing the Rubicon ere antzeko parametroetan mugitzen da akaso, beharbada errepikaren indarra markatuagoa den arren. Eta bere epika dauka, noski, I, Emperor-ek, oraingoan koruek berebiziko garrantzia duten arren. Metal epikoa da, power metala bidelagun duena, nahiz eta azken diskoetan eragin horretatik haratago joan diren. Estilo hori bete-betean gauzatzen dute Made of Steel frenetikoan: azkarra eta motza, azeleragailua topera zapaldu dute, eta nola ez, gitarra solo benetan bizkorrak euforia sentsazioa areagotzen du. Impaler-en koru magikoak eta ahots tonu bereziki grabeak azpimarratu behar ditugun arren, kantuak orokorrean hartzen baditugu nabarmenki handinahiaren faktorea gauzatzen dute.

Lighting at the Gates abestian, berriz, Anibal Alpeetan bere elefanteekin irudikatu dezakegu. Martxa militar perfektua da, eta disko osoaren kontzeptua ezin hobeki azpimarratzen du. Hortik aurrera, The Duelist-en gitarra bikoiztuak, The Cycle of Songs koruak eta sarrera instrumentala eta, azkenik, amaiera ez bereziki boteretsua dakar Till Seger-ek. Hala ere, elizako organoaren, gitarren eta koruen zale amorratuen gustukoa izango den sentsazioa daukagu. Pauso berri bat eman du Sabatonek, eta han-hemenka azaldu ditugun detaile batzuk kontuan hartuta ere (koru oraindik indartsuagoak, sintetizadorea, pianoa...) berezko nortasuna guztiz finkatua daukan taldea da, soinu propioa daukana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.