'Collini auzia'

Lekurik ez literaturarentzat

Alex Gurrutxaga Muxika.
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Egilea: Ferdinand von Schirach. Itzultzailea: Anton Garikano. Argitaletxea: Erein.

Badaude espero gabe best seller bihurtzen diren nobelak, literatura gisa onduak izan eta, uste gabe, bestseller-en pare saltzen direnak —ezaguna da, adibidez, Umberto Ecoren Il nome della rosa-ren kasua—. Badaude, beste muturrean, best seller gisa ondu arren gutxi saltzen diren liburuak. Eta, azkenik, badaude best seller gisa ondu eta best seller gisa, alegia asko, saltzen diren nobelak. Kasu horietako bat da Collini auzia.

Gauzak argi, halere: literaturaren eta best seller-aren arteko muga lausoa da. Kalitatearen irizpideak eta estetikaren balioespenak beti eskatzen dute interpretazioa, eta horretan faktore objektibo eta subjektiboek egiten dute bat. Gainera, irizpideok aldatuz joaten dira historian zehar. Edonola ere, Collini auzia ez da mugako lana. Abokatu ezaguna da Von Schirach, Alemaniako kasu judizial sonatuetan parte hartua, eta krimenekin lotutako testuak —beltzak-edo— sortu ditu orain arte, hala nola euskarara itzulita dagoen Krimenak ipuin liburua (Erein, 2012).

Collini auzia gorpu batekin abiatzen da, baina intrigaren gakoa ez da nor den hiltzailea, hori berehala esaten baitzaigu, baizik eta zergatik hil duen batak (Collini) bestea (Hans Meyer). Hasieran iradokitzen zaigu mendeku edo antzekoren bat dela arrazoia, eta amua, beraz, botea geratzen da. Hortik aurrerakoa Hollywooderako modukoa da. Abokatu gaztearen goranzko bidea ikusiko dugu, aparteko sorpresarik gabe eta ohiko topikoekin: abokatu beteranoaren eta hasiberriaren arteko tirabira, epaitegiko sekuentzia teatralak, Johanna pertsonaia femenino bakarraren karakterizazio laua, sexu-eszena eta xantaiaren uneak, eta abar.

Nobelaren puntu interesgarria hilketak nazismoaren krimenekin daukan lotura da. Gaiaren mamia ikusita, pentsa daiteke eztabaida etiko edo morala eskainiko zaigula, baina, zoritxarrez, zehaztasun judizialez gain, sakontasun gutxi eta ñabardura are gutxiagorekin jorratzen du egileak ildoa. Bestseller-ak laster lekutzen du literatura.

Formari eta estiloari dagokienez, irakurterraztasuna eta intriga lehenesten dira. Narratzailea orojakilea da, eta mintzaldiaren ordena kronologikoa ia beti —bi flash back handi daude—. Gainontzean, tenpoan laburpenerako joera ageri da, abiadura eman eta dentsitatea arintzeko. Horrekin lotuta, elkarrizketak ugari dira, eta gutxi, aldiz, deskribapenak. Badago deskribapenetan zerbait lohi edo zantarra ere; izan ere, bi momentutan gutxienez efektismorik merkeena baliatzen du egileak: auto istripuaren eta forentsearen autopsiaren kontaketetan —pentsa, hilotzarena da testuko prosopografia luzeena—.

Ezin aipatu gabe utzi itzultzailearen lana. Beharbada zaila izan daiteke halako testu batean itzultzaileak bere finezia erakustea, baina kasu honetan sumatzen da Anton Garikanoren luma, euskara soila eta nahiko neutroa erabiliz, jatorrizkoa bailitzan irakur daitekeen nobela birsortu baitu.

Gure literatur sistemak —ere— irakurle masa sendotzeko beharra dauka, eta, askoren iritziz, horretarako beharrezkoa da best seller-ak sortu ez ezik beste literaturetakoak gurera ekartzea ere. Collini auzia irakurterraza eta intrigazkoa da, azkar eta buru-neke gehiegirik gabe irenstekoa. Ez dauka, ordea, ez helburu ez osagai artistiko-literariorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.