'Leonora'
Ez dago eserleku librerik ez besaulki-patioan ez palkoetan. Natalia Huarte iruindarraren izenak, haren antzezpen mailak ekarri gaitu Gaiarrera. Sentitzen dugu Iruñea ez dela edozein plaza; gogora etortzen zaigu El Lebrel Blanco talde gogoangarriaren lurraldea dugula, eta, Natalia Huarte, nerabea zenean, konpainia horretako Ignazio Arangurenen ikaslea izan zela.Â
Alberto Conejoren Leonora eta 2023ko En mitad de tanto fuego [Hainbeste suren artean] estilo berbereko testu ederrak ditugu: bakarrizketa poetikoa, hunkigarria, pertsonaiak daukan sufrikario biografikoari sendagai bilatzen diona hitzen liluramenduan, eta antzezteko exijentzia handi-handikoak.Â
Premiak bultzaturik, sukartsu hitz egiten digu Leonora Carrintongek (1917-2011). Bere bizitza laburtzen digu, harik eta Ameriketara ihesean joan zen arte. Aditu diogu familia aberats batean jaio zela eta txikitatik ez zituela betetzen ez aitaren espektatibak, ez patriarkatuaren gainontzeko ezarpenak ere. Horregatik, Harold Carrintongek behin eta berriro atxilotzen du alaba Leonora eta behin eta berriz bakartzen, zigortzen, torturatzen dute. Halarik ere, bizipen horien kontra, «ni ihesean, ni ihesean, ni ihesean», zabaldu da antzokiaren airean, otoitz gisa, esperantza lez, helburu setati moduan, Natalia Huarte aktorearen ezpainetan klarki. Horretaz gain, «Leonora Carrintong dut izena eta margolaria naiz» esango digu maiz, temati, egoskor, desafiatzaile.Â
Leonora Carrintong britaniarrak MĂ©moires d’en bas liburuan bildu zituen 1941ean Santanderreko psikiatrikoan bizi izandakoak, Doctor Morales sendagile frankista eta filonazia bertako zuzendaria zela. Testu hori baliatu du Conejerok bere Leonora idazteko, baina partzialki soilik. Ikuskizunak, Espainiako egonaldiari eskainitako pasarteetan bortizkeria psikiatrikoa agerian jarri ez ezik, errekete talde batek nola bortxatu zuen ere ezagutzera ematen digu. Zeren ez, ez baita samurra Leonorak aske bizi nahi izateagatik nozitutakoa. Eta akordura etortzen zaizkigu, besteak beste, Camille Claudel (1864-1943), Dora Maar (1907-1997) eta Espainian 1985ean itxi zuten Patronato de protecciĂ³n a la mujer delakoa. «Leonora asko naiz», dio pertsonaiak.Â
Leonora ez da Natalia Huartek antzezten duen lehenbiziko bakarrizketa. 2024an Sarah Kaneren Psicosis 4.48 obrarekin Aktore onenaren Max Saria eskuratu zuen. Itzela da nola ahoskatzen eta gorpuzten duen Leonoraren pertsonifikazioa, une gehienetan trostan, korrikan, lasterka batean ibiliz. Ihesean, ihesean, ihesean. Fokuen laguntza baino ez du, zeren eszenografia guztiz minimalista da: eszenatokia beltzean, inongo dekoraturik gabe, inongo atrezzorik gabe. Lurrean marra zuri batek mugatzen du Peter Brookek empty space [espazio hutsa] deitu zuena. Barrutik Natalia Huartek master class bat eskaini digu, esfortzuz, mimoz, talentuz. Publiko guztia hunkituta altxatu da azken agurrean. Â
Post: Gaiarrera abiatu baino lehen Laban eseri gara Josune lagun iruindarra eta biok. Kontatu dit bezperan antzoki horretan Angel Saguesek zuzentzen duen antzerki tailerreko aktore amateurrek emanaldia eskaini zutela. Mukuru bete zela dio. Egunkari bateko ebakin bat eskuratzen dit, 1980. edo 1981. urtekoa Antzerkiaren Egunekoa. Data ez dago ikusgai baina bai zein zen aldarrikapena: titularitate publikoko zen Gaiarrek  zinema izateari utz ziezaion antzoki moduan berreskuratzeko. Sei hamarkada pasa dira eta Mikele Urroz zein Natalia Huarte bezalakoak Iruñera itzuli eta etxean  jokatzen dute egun, Gaiarren. Ez, ez. Iruñea ez da edozein plaza.Â