ENGLISH CHAMBER ORCHESTRA
Zuzendaria: Roberto Fores Veses. Biolontxeloa: Steven Isserlis. Egitaraua: J. C. Arriagaren Obertura Re maiorrean, 20. opusa; J. Haydnen Biolontxelorako bigarren kontzertua; eta L. V. Beethovenen laugarren sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzaren 14a.
English Chamber Orchestrak Kursaalera ekarritako programak bi helburu bete zituela esan daiteke: klasizismotik erromantizismorako pasabideaz gozatzea bata, orkestrak bere tasun guztiak erakustea bestea.
Urteurrena ospatzeko, agian, jeinu goiztiar euskaldun baten musikak ireki zuen kontzertua. Hamabost urte besterik ez zituen Juan Crisostomo Arriagak bere aitak Parisera bidali zuenean ikasketak hobetzeko, eta ordurako jada idatzia zuen Esklabo alaiak opera. Han, bere formakuntzaren hastapenetan, idatzi zuen Obertura Re maiorrean, nerabezaroko obra bikaina, haren adina kontuan hartuta heldutasun formal harrigarria azaleratzen duena. Gurean, bazirudien orkestrak obraren formaltasun hori bera profitatu zuela kolore sotil eta, batez ere, kontzertu osoan zehar gailenduko zen jardun trinko eta bateratua hasieratik ezartzeko.
Steven Isserlis biolontxelo jotzaile eta idazlea batu zitzaien gero, Joseph Haydnek 1784an konposatu zuen Biolontxelorako bigarren kontzertuan. Luzaroan pentsatu da Esterhazy jauregian biolontxelo jotzaile nagusia zen Anton Kraftentzat idatzia zela, baina azken ikerketek diote Kraften semeak asmatu zuela hori, aitaren ospea handitzeko. Azpikeriarik ez du behar Isserlisek, oso modu naturalean uztartzen baititu adierazkortasuna eta partiturarekiko leialtasuna, instrumentuaren aukera polifonikoak ustiatzen dituen piezan. Samurra izan zen hari bikoitz zein hirukoitzetan, doia zortzidunetan eta sentibera pasarte melodikoetan. Haren alboan, orkestra gardentasunez aritu zen, haren jarduna sostengatuz eta babestuz.
Bigarren zatian, Ludwig van Beethovenen laugarren sinfonia. Kronologikoki espiritu heroikoaren eta patuak ezarritako zamaren artean kokatua, Josep Krips orkestra zuzendariak zioen «baretasunari buruzko ikerketa bat» dela, Beethovenek egindako «bizitzaren onarpena». Egon zen halakorik Fores Vesesen batuta finaren gidaritzapean, adagioan zurezko haizeak guztiz borobil, zeharkako txirularen eta fagotaren parte hartze nabarmenekin. Hara, musika eta interpretazioa edertasunean bat.