abesbatzen europako sari nagusia
Lekua. Tolosako Leidor aretoa. Eguna. Urriaren 26a.
Abesbatzen Europako Sari Nagusia zer den azaldu behar lehenik: elkar hartuak dauden Europako bost koru lehiaketa nagusienetako irabazleek dute aukera bertan izateko, munduko edozein txokotakoak izanik ere, eta, aldi berean, honetan saritua denak hurrengo urteko munduko lehiaketarako txartela lortzen du. Filipinak eta Letonia bina talde aurkezteko aukeratuak izan ziren. Rigako Katedrala ere izendatuen artean zegoen, baina ez zuen etortzerik izan, eta indonesiarren taldeak ordezkatu zuen; beraz, Letonia omen korugintzaren epizentro mundiala.
Kantaera geroz eta uniformeagoa den honetan, The Resonanz Indonesiako haurren koruak markatu zuen aldea, nabarmena baita adinak eta proiektu pedagogikoak ezar dezakeen diferentzia. Espresibitate handia eta aberatsa izanik, heldutasunak eskaintzen dituen tresna teknikoekiko bereizi ziren. Era aske eta emankorrean aritu ziren kantuan eta dantzan, eta piano jole gaztearen lana ere ikusgarria heldu zitzaigun, edukiarekin eta taldearekin guztiz bat eginda.
Filipinetatik jaso genituen doinuen artetik, Imusicapellarena azpimarratuko nuke, Manilako Kantarien aldean. Azken hauek talde indartsua eszenaratu zuten, baina gorabehera teknikoetan labaindu ziren ustekabean. Ederrak baina aldi berean aldrebesak diren Gesualdoren armonia ausartak eraikitzeko garaian, estualdiren bat edo beste igaro zituzten, eta emanaldia balada polita emanez itxi zuten gero.
Imusicapellatik emakumez eta gizonez osatutako korda zurien soinu borobilak erakarri ninduen, zenbakiz apalak izanagatik —saioko talderik txikiena izan zen, hamarreko bi talde— sakoneko indar eta izpi eskaintza emateko gaitasuna erakutsi baitzuten. Errepertorio klasikoari dagozkien aldeei nagusitasunez gailentzen zaizkie beraien jatorriko musika joskerak, ulertzeko erak eta joerak. Erritmika herrikoiak eta hauei dagozkien koreografiak ematen maisu dira.
Letoniako bi taldeek, berriz, goi mailako musika formazioa eta gaitasun goreneko ikasle gazteez osatuak biak, bertako herri/naziogintzaren zutabe sendoa osatzen duen musika eta bereziki koru kantaera mamitsuaren adiera ikusgarriak erakutsi zituzten. Batetik, Sola Gazte Korua zailtasunak menperatzen maisu agertu zen, perfekzioan maisu. Kasparis Adamsons zuzendariaren ohiko jarduna orkestrak gidatzea da, eta, ziur, hori islatua geratu zen geldiunerik eta tonu erreferentziarik eman beharrik gabe abestutako jarraiko errepertorio oso-oso konplexuan.
Orkestrak soinu tresna eta tinbre aukera zabala eskaintzen du eta trataera horrekin aurkeztu zuen taldea Adamsonsek, guztia oso garden eta ñabardura txikiena ere entzungai eginez. Planteamendu horretan, ordea, sentimenduak eta goxotasuna transmititzea lehentasunetan ez izateak, emaitza pittin bat pobretu zuen, eta aurre hartu zion herrialde bereko Kamer abesbatzak. Nire iduriz, arrats honetan, koru zuzendari bezala, egokiena berau izan genuen, Jurgis Cabulis, eta emaitza ere neurrikoa. Kasualitatez, Letoniako bi taldeek H. Purcellen Hear My Prayer, o Lord obraren gainean Sandstomek sorturiko pieza eman zuten. Zoragarriak izanik, azken aho zaporean, Kamer abesbatzaren ufadaren sakontasunak erakargarriago egin zuen interpretazioa. Ahotsen tinbreak zoli, testuaren joskerekin zorrotz eta aldi berean lirikotasunaz bustiak, kolore beroz apainduak.
Bitxikeria nabarmena izan zen saioan entzungai izandako konpositoreen artetik talde nagusiena 1970eko hamarkada inguruan jaioa izan izana, eta azpimarratzekoa, aretora bildutako ikusleen esker oneko jarrera beroa. Epaia jakitear zegoela, kirol ekitaldietako giroaren antza zuen gelak; ordurako bertan murgilduak ziren kantariak, itxaronaldiak eragindako ezinegon eta jakin-mina oihu eta algara bilakatzeraino. Sari banaketaren ondoren, Kamer abesbatzako irabazleekin batera, beste muturrean zegoen abesbatza herrikidea elkarrekin kantatzera gonbidatu eta himno erako doinua era estereofonikoan dastatzeko aukera zoragarria izan genuen.