'HIRUGARREN PAISAIA'Â
Artista: Maria Azkarate. Non: Nafarroako Museoan, Iruñean. Noiz arte: 2027ko apirilaren 4ra arte.Â
Â
Nafarroako Museoaren kaperan kokatzen den erakusketa berriak Hirugarren Paisaia du izena, eta Maria Azkarate artistak egindako hainbat lan biltzen ditu. Hirugarren paisaia terminoak ohiko arreta zirkuituetatik kanpo dauden espazioei egiten die erreferentzia, funtzio jakin bat betetzen ez duten horiei, plangintza nabarmenik ez dutenei; nolabait gune natural eta urbanizatuen arteko trantsizioan ahanzten ditugun horiei. Lurraldea antolatzeko logika merkantilisten aurrean, espazio horiek nolabaiteko pitzadura irekitzen dute; zuzenean begiratzen diegunean are nabarmenago bihurtzen den pitzadura bat. Azkarateren proposamenak haiengana zabaltzen du ikuseremua, bertan azaleratzen diren naturaren zantzuei erreferentzia zuzena eginez.
Mostrak artistaren bi argazki-serie biltzen ditu, Herbarioa eta Tokiak, duela gutxi Nafarroako Museoak bere bildumarako eskuratuak. Guztira hamasei piezak osatzen dute multzo hori. Hala ere, erakusketaren benetako ardatza urtean zehar egindako tailerretan ehundutako instalazio kolaboratiboa da, proposamen osoari batasuna eta gorputza ematen diona. Elkarren artean harremanetan dauden hiru piezak osatzen dute: Lorategi esekia, Lorategi minimoa eta David Serranok eta Borja Alkatek sortutako Herbario soinuduna.
Kaperan izanik, espazioak bere dimentsio espirituala gordetzen du neurri batean. Sarreratik bertatik, albo banatan kokatutako argazki-serieek bisitaria gidatzen dute; haien artean mugituz, erakusketaren erdigunea den instalaziorantz hurbiltzen da. Mugimendu horrek erromesaldi txiki baten antza hartzen du. Baina oraingoan erretaulak eta absidea ez dira begiradaren helmuga: ilunpetan desagertzen dira, eta lorez osatutako instalazioak hartzen du espazioa, bere presentzia organikoarekin kaperaren hierarkiak irauliz.
Erakusketaren lehen zatian aurkezten den Herbarioa sailak behaketa-metodo ia taxonomiko baten aztarna erakusten du. Paisaiaren ikuspegi orokorra bazterrean utzita, Azkaratek hura osatzen duten elementu txikienetara hurbiltzen du begirada. Horrek ikuslearen ohiko ikus-erregimena hausten du: irudiek denbora eskatzen dute, arreta, eta normalean bazterrean geratzen diren xehetasunen aurrean gelditzea. Horrela, ia ikusezina dena ikusgarri bihurtzen da, eta arrunta denak presentzia berria hartzen du.
Aurrera egin ahala, ordea, arreta landare horiek okupatzen dituzten espazioetarantz desplazatzen da Tokiak seriearen bidez. Hasieran landare bakoitzaren ezaugarri fisikoak nagusi baziren ere, pixkanaka garrantzi handiagoa hartzen du horiek hazten diren espazioak. Hala, serie horrek iradokitzen digu bizimodu bakar bat ere ezin dela modu isolatuan ulertu.
Ikuspuntu hura indartu egiten da begiak serie horretatik altxatu eta aurrean dugun instalazioa aztertzeari ekiten diogunean, bizitza-forma bakoitzak besteekin duen harremanean aurkitzen duelako bere zentzua.
Kaperaren erdialdean dagoen lorez eta landarez osatutako egiturak harengana gerturatzeko eskaria egiten digu. Urrunetik begiratuta, organismo bakar baten gisara agertzen da; hurbildu ahala, haren barruan ezkutatzen diren formen, koloreen eta testuren aniztasuna agerian geratzen da. Eta, orduan, haiek aztertzeari ekiten diogu, makurtzen dugu gorputza, inguratzen dugu egitura... Mugimendu horretan guztian, soinuak espazioa zeharkatzen du, gure keinuekin bat eginez. Soinuak gorputza ere inplikatzen du, eta entzuketa hautemate fisikoaren parte bihurtzen da.
Modu horretan, normalean begirada pausatzen ez dugun lekuetan gelditzera gonbidatzen gaitu artistak. Erakusketak ingurunearekin bestelako harreman-moduak pentsatzeko espazio bihurtzen ditu bazterrak, eta, aldi berean, gure begiradaren hierarkiak auzitan jartzen ditu. Arreta merezi duenaren eta bazterrean geratzen denaren arteko muga lausotu egiten da, ikusgarriaren eta ikusezinaren arteko banaketa bera zalantzan jarriz.