Haur eta gazte literatura. 'ALTXOR BAT AURKITUKO DUGU'

Lurreko zorionik handiena zein da?

2013ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Egilea: Janosch.

Ilustratzailea. Janosch.

Itzultzailea. Ainhoa Irazustabarrena.

Argitaletxea. Pamiela-Kalandraka.

Haur literatura alemanaren gailurrean daude Janosch (jaiotzezko izena Horst Eckert) idazle eta ilustratzailearen obrak. Leziorik eman gabe, mundu hobe baten ametsa transmititzen dute bere lanek, irakurle hasiberriek maitatzeko moduko istorio eta pertsonaia xaloak eraikiaz eta, bide batez, arrakasta komertziala lortzeko baliabideak eskainiaz literatur industriari.

Bereziki ezagunak hartz txikiaren eta tigre txikiaren abenturak egin dira, Janoschek hiru narrazio luzetan argitaratu zituenak 70eko eta 80ko hamarkadetan, eta are arrakastatsuagoa eurekin sortu zuen ahate gurpilduna, marra hori-beltzez jantzia, jatorriz Tigerente izena duena (Tigre-ahatea), sekulako salmenta iturria Alemania aldean, diotenez.

Pertsonaia horien hiru abentura luzeak formatu bertsukoak dira, 40 orrialde pasatxokoak, ia guztiek ilustrazioa dutena, koloretan beti. Testua narratzaile bihurri samar batek gidatzen du, noizean behin pertsonaiei hitz egiten diena (naiz eta eurek ez «entzun»). Irakurketa arintzen duen elkarrizketa asko dago. Marrazketa tintazko marrekin egiten du, eta kolore naturalak erabiltzen ditu; bereziki horia, marroia eta berdea, baina baita urdina eta gorria ere. Landare eta animaliek forma atseginak dituzte, maitagarriak, baina gizakiek ez hainbeste.

Hiruretan lehena 1978an argitaratu zen estreinakoz, euskaraz Zein polita den Panama! izena jaso duena (Pamiela, 2010). Liburu horren harira «denak bizi gara paradisuan, baina ez dakigu» esan zuen idazleak behin, obra Epikuroren filosofiaren arrastotik hurbil dagoela gogoraraziz (gehiago jakin nahi izanez gero, jo hemerotekara: 2011-02-06an, Haur literaturaren gako bat izena duen artikulua eskaini genion).

Bigarrenak 1979an ikusi zuen argia lehenengoz, euskaraz Altxor bat aurkituko dugu izena jaso berri duena 2013an, eta kritika honen aitzakia ere badena. Hemen ere aurrekoaren ildoari jarraiki dator gaia, bigarren lezio epikurotarra-edo dei daitekeena eskainiaz: lurreko zorionik handiena ez dakarte objektuek, baizik bizikideek. Izan ere, alemanez altxor (Schatz) hitza zentzu materialean ez ezik, zentzu figuratiboan ere uler liteke, «maitea» adierarekin eta baita «gizatalde baten kultur ondasuna» (Kulturgut einer menschlichen Gruppe) adierarekin ere. Eta halaxe saiatzen da liburu hau erakusten zeinen sakonak diren diruaren galbideak eta zeinen eskura errazak eta oparoak bizikidetzaren atsegintasunak. Hain lezio gordina ematen du diruak sortzen dituen kalteez, ezen hiru istorioetan saminena hau baita; baina neurrian, ez dadila inor izutu.

Hirugarrena 1980an kaleratu zen, euskaraz Posta tigrearentzat izena jaso zuena (Pamiela, 2011). Obra honetan adiskidetasunean eta giza harremanen balioetan sakondu zuen Janoschek, aurreko biak baino obra arinagoa eraikita, zentzu filosofikoan, gainerakoan denak baitira arin, arinik bada.

Hiru lan hauek sariak jaso zituzten, betiere alemaniar kulturaren eremuan, eta film bat egina da 2006an Zein polita den Panama! liburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.