'historia del amor'
Konpainia: Agrupacion Señor Serrano. Zuzendaritza: Alex Serrano, Pau Palacios. Performance: Anna Perez Moya. Dramaturgia: A. Serrano, P. Palacios, Cristina Cubells. Eszenografia: Mas Glaenzel, Sara Leme. Lekua: Gasteizko Felix Petite antzokia. Eguna: Urriak 31.
Señor Serrano ezagutzen duen ikusleak badaki zeintzuk diren haren estilo-markak; jakin badaki, ikus-entzuteko teknologia erabiltzeak ekartzen diela modernitate kutsua, ikusgarritasun ikaragarrian oinarritzen dena. Gauzak horrela, espero genuen estetika landu dute oraingo Historia del amor-en ere, eta ez dugu, hartara, ustekaberik izan, oso Señor Serrano izan baita ikuskizuna: objektuen manipulazioa, zuzeneko grabazioak, irudien itxuraldaketa, soinuen distortsioa.
Taldearen zalea den publikoak badaki egungo kezka filosofikoak taularatuko dituela, egia-osteko gizartean dauden ahuleziak azaleratuko dizkigula, eta halaxe izan da Historia del amor ikusgarrian. Ezusterik ez.
Funtsean, maitasuna kontzeptu aldakorra dela, eta garaian garaiko uste eta ohituren ekoizpen kultura dela azaldu digute, eta gaurko gizarteko praktikak supermerkatu bateko tetrabrikeko esne kontsumoarekin alderatu dituzte. «Ni esnea dastatzen ari naiz. Ireki, dastatu eta bota. Beste bat ireki, dastatu eta bota», dio protagonistak: «Zu ez al zara etengabe hautaketa egiten ari?», gehitu du guri begira.Â
Anna Perez Moyak sostengatzen du antzezlanaren zama guztia, aktore konbentzionalaren eta performerraren arteko antzezpenean: txalotzekoa. Gainera, irudi zinematografiko ezagunak erabiltzen dituen muntaketan, bereziki ederrak izan dira hasierako uneak, non, hitzik esan gabe, bere burua grabatzen zuela, lasaitasun, poz, harridura goxotik hasi, eta negar egiterainoko arku interpretatiboa eskaini digun. Antzezlearen lehen plano erraldoia ikusten genuen hondoko paretan, zeina zinematokietako pantaila gisan erabili izan duten saioan. Isiltasuna apurtu du, maitasunari buruzko bere esperientziak eta sentsazioak deskribatzeko. Maitasunari buruzko galderak egin ditu, eta, hitzaldi performatiboa balitz bezala, ingelesezko off-eko ahots bat entzun dugu gaiari buruz hausnarketak egiten, pantailan testuak irakurtzen.Â
Maitasunaren historia hainbat postaletan ikusiko dugula iragartzen digu antzezleak. Postala izozturiko egoera baten argazkia dela ulertzen dugu, azalpen teorikoen markoa, aitzakia narratiboa, hurrenkera kronologikoan garatuko dena. Nola ulertu dugu maitasuna historian zehar? Ideia bat izan dezazuen, lehenbiziko postala Argentinako Eskuen Leizeko irudiekin (K. a 7300) hasi, eta El Dorado oporlekuan bukatzen da; bigarren postalean, XVIII. mendeko maitasunezko eszena bukoliko bat deskribatu digute; geroxeago, Grezia klasikoko merkatari baten eta efebo baten arteko harremana, harik eta Anberesko Johannes, behin eta berriro —erditzeak zirela medio— alargun geratzen den arte. Postalei zegozkien kontaketaren tarteetan film ezagunen irudiak proiektatu dizkigute (Casablanca; Paris, Texas; Before trilogia; The African Queen...). Oihanean El Dorado ustezko urrezko hiriak iman moduan funtzionatu izan zuen esploratzaileentzat, eta amets galduen sinboloa dugu. Señor Serranok tapaki metalikoen materialaz eginiko eskultura hegalaria gogoan iltzatu digu, hain da ulertezina eta erakargarria. Amodioa bezalakoa, Señor Serranoren arabera.Â