'O corno'
Zuzendaria: Jaione Camborda. Aktoreak: Janet Novas, Siobhan Fernandes, Carla Rivas, Daniela Hernan Marchan. Herrialdeak: Galizia-Portugal-Belgika. Iraupena: 103 minutu.
Sororitatez betetako istorio eder bat aurkeztu du Jaione Camborda Donostiako zinemagileak Sail Ofizialean. Emakumeen film feminista bat, andreek egoera zailetan nola elkar laguntzen duten erakusten duena. Hori aurrera eramateko, sinplezia eta finezia erabili ditu zinemagileak. Eta lagun izan du Janet Novas aktorearen indarra.
Cambordaren aurreneko film luzea Arima izan zen (Filmin plataforman dago ikusgai), eta, nahiz eta lan hark ez zuen sekulako indarrik, autore baten begirada antzematen zen. Bazegoen Arima-n zerbait erakargarria, hitzekin esplikatzen zaila dena. Bazuen arima.
Zinemagile sendoagoa eta are interesgarriagoa bilakatu dela nabaria da, O corno-ren sentiberatasuna aintzat hartuta.
Pelikularen une batean, bikote gazte bat ageri da mendiko masustak hartzen eta jaten. Alderaketa bat eginez gero, Cambordak pelikularekin gizatasunez betetako hurbiltasun batera eramaten du ikus-entzulea: mendian masustak hartu eta jatearekin alderatu daitekeen eremu intimo batean sartzen da ikuslea istorioko emakumeen sentimenduetara.
1971. urtean dago istorioa girotuta; galego hutsez da filma, elkarrizketa finez josia. Ez du beharrezkoa esplizituki kontatzea garai hartako Galizia zer egoeratan zegoen, baina ñabardura eta detaile txikiek osatzen dute erretratu soziala. Galiziatik Portugalerako pasabidean, muga zaintzen duten guardia zibilak dira testuinguru horretako osagairik agerikoenetako bat.
Gainera, istorioak badu bere mamia. Erditzeak eta abortuak daude tramaren erdigunean. Baita behartutako ihesaldi arriskutsu bat ere. Hau da, ez da ezer kontatu gabe gelditzen den autore obra intimo horietako bat. Intimotasuna, kasu honetan, egiten zaila den zerbaitekin doa lagunduta: sinpletasunez kontatzea istorio on bat, eta, horrekin, ikus-entzulea kateatzea eta hunkitzea.