MONOLORD
Martimuilo basati baten moduan, Suediako hirukoteak zortzi kantu astun eta beldurgarri prestatu dizkigu bere seigarren lan luze honetan. Hamahiru urteko ibilbidean, stonerra eta batez ere doom zapaltzailea landu dute beren diskoetan. Oraingoan ere bide horretatik datoz, nahiz eta akaso kantuok eboluzio bat ere garatu duten, rock eskemak landu dituztenean adibidez, baina azken emaitza bereziki pisutsua da. Deabruzko erritmoak, kadentzia motelak bultzatuta, efektu biderkatzailea lortzen du diskoetan zein, batez ere, zuzenekoetan. Lan hau borobila da; taldearen jarraitzaileak aseko ditu eta agian berriak lortu ere.
Iodine kantuarekin ikusten dugu nola dooma stonerrarekin nahasten duten, betiere lehenari leku berezia egiten dioten arren. Gainera, ahotsaren efektuak urrundik kantatzen ari dela sentiarazten digu. Ez da diskoan gertatzen den azken aldia izango. Nolabait, eta konparaziotan aritu gabe, Kadavar alemaniarrekin zerikusi pixka bat daukate zentzu honetan. You bastard riff oso potenteek beztituta datorkigu, oraingoan stoner gehiagorekin eta goian aipatu ahots efektua lagun duela. Inside a collider, zortzi minutuko mastodontea, oso-oso astuna da, baina baita hipnotikoa ere. Xarma bereziko kantua da, eta, astuntasuna aipatu dugunez, Crystal bridge oso Black Sabbathen estilokoa da. Monolitikoa eta iradokitzailea da, baina horrez gain ahots melodia polita eta efektuduna dauka, Ozzy Osbournek Sabbathen egiten zuen modura.
Doom musika astun eta geldoan sakontzen dute Oozing wound luzean. Baxua izugarri dentsoa da hemen, eta gitarraren garapena interesgarria da, solo ultra-luze eta geldo bat balitz bezala funtzionatzen baitu. Eta bai, monotonoa, adiktiboa eta dantzagarria da. The Masque ezberdina da nolabait. Urruneko ahots horri irmotasuna ematen dion soinua dauka. Stonerra da, bai, baina doom-etik pixka bat aldentzen da eta publiko zabalarentzat entzungarria ere izan liteke, baldin eta entzulea aurreiritzirik gabe entzuten saiatzen bada. Gitarra zikinak maite dituztenentzat egina dago Invisible potoloa ere. Lehen azaldu dugun bezala, hemen ere ahotsaren eta musikaren arteko kontrastea begi-bistakoa da.
Eta amaitzeko, zortzi minutu eta erdiko altxorra: It’s neverending. Pisutsua eta adiktiboa da, baina sorpresa itzela dauka Death Metal estiloko ahots guturalak direla eta. Izugarri poliki, eraginkor eta gogor datorkigu kantua hasiera-hasieratik. Kaskoekin entzuteko moduko pasarteak dakarzkigu, baita erritmoaren azelerazio moduko bat ere, nahiz eta sarritan berriz ere doom eskemetara bueltatzen den. Geldialditxoek ere efektu handia egiten dute, batez ere haien ondoren datozen hazkundeekin konparatzen baditugu. Sorpresa gehiago: azken bi minutuak akustikoak dira. Ahots leun eta melodikoaz jantzia dago, eta outro berezi honekin ematen dio amaiera disko dirdiratsu honi.