'RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA'
Artista: Ruth Asawa. Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: Irailaren 13ra arte.
Etorkizunari buruzko hitzaldi sorta batera joan aurretik, Ruth Asawaren (Norwalk, Kalifornia, AEB, 1926-San Frantzisko, Kalifornia, AEB, 2013) atzera begirakoa bisitatu dut Guggenheim museoan. Sartu bezain laster, haren umeetako baten kolorezko oinatzak topatu ditut ehun diseinu batean. Estatu Batuetako Black Mountain Collegen aritu zeneko lana da, antza. EHUren Arte Ederren Fakultatean ikasleekin landu ohi dugu arte eskola hori, biziki esperimentala izan zen eta. Artista niretzat ezezaguna izan arren, bat-batean oso gertu sumatu dut. Datorren ikasturtean irakasgaiko gaitegian Asawa txertatzeko oharra apuntatu dut nire koadernotxoan, oin txiki batzuen marrazkiarekin batera.
Erakusketak artelanen corpus zabala biltzen du eta artistaren ibilbide artistikoari jarraitzeko aukera ematen digu. Aipatutako eskolan 1940ko hamarkadan garatutako esperimentazioetatik 2000ko hamarkadaren bukaerako sorkuntzara eramaten gaitu, bitarteko diseinu komertzialak, grabatuak, marrazkiak eta eskultura publikoa barne hartuta. Azken horien bidez, Ipar Amerikako historiaren parte latz bat azaleratzen da: Estatu Batuetako japoniarrentzat Bigarren Mundu Gerran sortutako barneratze esparruak, AEBetan bertan; gaztea zela artistak eta bere familiak pairatutakoa. Jakin-mina izanez gero, esperientzia bortitz horretatik bizirik atera zirenen omenezko eskulturari buruzko dokumentuak biltzen dira museoan.
Nik neuk dokumentazioa erakusketetan topatzen dudanean gogotsu behatzen dut. Norbaiten artxibo pertsonalean sartu naizela pentsarazten dit elkartze horrek, sekreturen bat aurkitzear banengo bezala. Oraingoan badirudi zerbait topatu dudala: horman azalpen testuarekin batera ageri den argazki bat da salataria. Irudiak aitortzen du erakusketan protagonista diren artelan zintzilikariak jatorriz ez zirela aretoan dauden moduan erakusten.
Sare antzeko kobrezko, letoizko edota altzairuzko egitura organikoei buruz ari naiz. Eskuz kiribildutako material industrialekin egindakoak, barnealdearen eta kanpoaldearen inguruko mugak lausotzen dituztenak. Forma organiko abstraktuak dira gehienak, naturaren elementuetan pentsarazten digutenak: ur tantak, marmokak, organoak eta abar. Abstrakzioarekin maiz aktibatzen da helduleku figuratibo baten premia. Bidaiatzean gertatu bezala (gainerako turistei jende ezagunaren antza hartzen diet beti), Dora Salazarren lanak datozkit burura; ezaguna den zerbaiten bila memorian.
Halaber, Asawaren zenbait lanek beste forma geometriko batzuk dauzkate barruan, esekita. Erakusketaren ibilbidean aurrera egin ahala, bilbe figuratiboekin ere egiten dugu topo. Horiek landareak irudikatzen dituzte, alanbreari bizitza emanda eta baso antzeko bat osatuta. Metalezko landare hauen izaera geometrikoak Maruja Mallorengan pentsarazten dit. Berriz ere sostengu bila.
Hormako irudira itzuliz, ageriko sekretura bueltatzen naiz. Argazkian aitortzen da sabaitik eskegita dauden artelanak gelarekiko oztoporik gabe aurkezten zirela, Guggenheimen ez bezala. Bilbon esekitako eskulturek ez dute elkarrizketa zuzenik zoruarekin. Plataforma ezin zuriago bat jarri dute tartean, artelana eta gela bananduz, hormen jarraipen lotsagabe baten antzera. Erabaki hori kontserbazioaren mesedetan hartu bada ere, baso organikoaren ideiarekin talka bortitza sortzen du, eta bisitarien esperientzia nabarmen aldatu.
Orduan denboraren makinan sartzeko gogoa piztu zait, adibidez, artistaren estudio-etxean agertzekoa. Erakusketan azaltzen denez, espazio bakarrean bi dimentsioak zeuden batera, artistak bere etxea estudio bilakatu baitzuen. Kontrara, museoan erakusketa bera bi espaziotan dago banatuta. Bereizketa horrek sentsazio gazi-gozoa eragin dit. Alde batetik, gogoko izan dudan erakusketa bat bukatu dela pentsatu eta haren jarraipenarekin topo egitea pozgarria izan da, artistaren estudio-etxeari eskaintzen baitzaio bananduta dagoen beste espazio txikiagoa. Bestetik, aretoa urdin argiz pintatu badute ere, etxekotasun falta nabaritu dut, eta horrek espazioaren banaketaren justifikazioa bertan behera uzten du.Â
Espazio desberdinetan zatikatzen dituzten erakusketak goiko solairuetan egon ohi dira, baina Asawarena behekoan dago, eta, askotan, bideo artelanei bideratutako areto txikiagoa hartzen du. Ezohiko aldaketa horrek Internetera eraman nau eta segituan berretsi dut susmoa. Iaz San Frantziskoko eta New Yorkeko arte modernoko museoetan egon ostean heldu da Bilbora erakusketa. Gauzak horrela, estudio-etxea iradoki beharrean, etxe aurrefabrikatu batean pentsarazi dit, tokiko berezitasunak kontuan izan gabe leku batetik bestera eramaten den horretan.Â