valentziako erkidegoko orkestra
Zuzendaria: Mark Elder. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzosopranoa), Xabier Anduaga (tenorra), William Thomas (baxua). Egitaraua: L. V. Beethovenen 2. sinfonia eta G. Rossiniren Stabat Mater. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 4a.
Beethovenen 2. sinfonia bere gorreriaren berri ematen duen Heiligenstadteko Testamentua idatzi zuen garai bertsuan konposatua badago ere, ez da etsipenean murgiltzen den obra bat. Kalte emozional eta sozial handia eragiten zion entzumena galtzeak eta, aldiz, elementu jostalariz eta biziz josiak daude lau mugimenduak, egitura klasizismoak garatutako formen barruan kokatuta oraindik ere, baina estilo berriaren atarian. Orkestrak, berriro ere, aurreko programan erakutsitako zehaztasun eta dinamiken gaineko menperatzea agertu zuen, Elderren batuta finari jarraituz, aurretiazko entsegu-lan bikaina agerian uzten duena. Hala ere, Larghetto-aren tenpoa zertxobait arinegia suertatu zen, eta aurreko mugimenduarekiko ez zen ia desberdintasunik hautematen. Amaierako Allegro molto-ak, bestetik, distiraz eman zion itxiera lehen zatiari.
Stabat Mater guztiek, izatez, Andre Mariak bere semearen heriotzaren aurrean pairatzen duenaren deskribapenari zentzu musikala eman ohi diote. Rossinik idatzitakoa, ostera, gertuago dago drama lirikoen estiloarekin, giza oinazeak eta sakontasun erlijiosoak eskatzen duten intimotasunarekin baino. Dena den, edo horregatik, musika-ariketa bikaina da, musikari guztiei doitasuna eta adierazkortasuna eskatzen diena. Hori gerta dadin, beharrezkoa da soinu-mailak kontrolpean izatea, baina Elderrek ez zuen orkestra eta ahotsen arteko orekarik lortu. Hala, Lombardiren ahots eder eta zuzena tarteka estalirik zegoen, Cujus animam gementem bezalako aria zoragarrian Anduagaren tinbre borobil eta betea lausotu egin zen, eta Thomas eta Murrihyren ahotsek ez zuten Kursaalean hedatzeko biderik topatu. Orfeoiak, bere aldetik, ez zituen benetako zehaztasunez (ez soilik kontsonantez) ebatzi ez a cappella hauskorra, ez bukaerako fugatua. Denera, une asegarriak bizi bagenituen ere (Inflammatus et accensus dut gogoan) eta taula gainean lehen mailako musikari-zerrenda bildurik, Rossiniren interpretazio zertxobait barreiatua izan zelako sentsazioa gailendu zen.