‘Bi baso bat ur’
Zuzendaritza: Edurne Azkarate, Oier Guillan. Testua eta dramaturgia: Miren Azkarate, Oier Guillan, lantaldea. Antzezleak: Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez, Iraia Elias. Jantziak: Idoia Beratarbide. Musika: Ander Fernandez. Argiak: Junki Mayo. Lekua: Errenteriako Niessen Kulturgunea. Eguna: martxoaren 1a.
Lea izenekoaren off-eko ahotsa entzun dugu emanaldian zehar. Hasieratik aitortu digu ezin duela dantza egin, eta baten batek bortxaz kendu zion gaitasuna orain berreskuratu nahiko lukeela. Horra antzezlanaren planteamendua, eta hona ikusgarriaren mezua: bortizkeria baten ondorengo trauma gainditzeko bozkarioa aukeratzea hautu legitimoa —eta beharrezkoa— da.
Metrokoadrokakoen ohiko dramaturgian, kontakizuna ez dagokio narratzeko modu klasiko bati, kontrara. Horregatik, Bi baso bat ur-en teatralki adierazten den egoera emozionala ez dugu istorio bat. Azken finean, deskribatzen digutena sentsazio bat da, ezintasun sentipen bat, eta hori arriskutsua izateaz gain, oso zaila da teatralki adieraztea.Â
Lea ezintasunak dakarkion disoziazioaz mintzo zaigu. Lau pertsonaia asmatu ditu bizitzan aurrera egin ahal izateko: Iraia, Intza, Javier eta Marina. Aktore eta pertsonaiaren arteko muga porotsuak asko ematen du umore jokorako. Tristuraren ingurukoak antzeztu dizkigute, hau da, ikusten ez dena eta gordeka daramagunari buruzkoak. Ondo zuzenduak izan dira, haien arteko harremanetan oreka da nagusi. Kontua da azalean ondo gaudela ematen badu ere, datzan egiteko ezintasuna alaitzeko ezinaren sintoma eta metafora argia dugula.Â
Obran zehar Come stai? Sto bene, non preoccuparti [Zer moduz? Ondo, ez kezkatu] errepikatzen digute lau aktore-pertsonaiek gure barre-algarak sorraraziz. Testuak hizkuntz jolas dibertigarriak proposatzen dizkigu, Oier Guillanen idazketa-estilokoak; dadaren seriotasuna eta surrealismoaren logikan maisu-maistrak ditugu Metrokodrokakoak. Horrela, ohikoa denez, antzerkiaren konbentzioak bertan behera uzten dituzte oholtzaratzen dutena askatasun osotik eraikiz.Â

Eta orain, barka iezadazue didaktikoegia jartzen naizela iruditzen bazaizue. Bi baso bat ur-en ezaugarri batzuk aipatuko ditut zein parametrotan mugitzen ari garen argiago uler dezagun: batetik, egiletza kolektiboak egilearen desagerpenarekin du zerikusia; bestetik, aipatutakoa pertsonaia-aktoreen arteko muga lausoa izateaz gain, ez dago lehen mailako edo bigarreneko protagonismorik oholtzan; halaber, pertsonaia nagusia ez da ikusten! Horrez gain, atrezzo urritasuna zein gorputzen garrantzia ditugu. Antzerki genero ezberdinen nahasketan gauzaturik, hibridazioa datorkigu. Gainera, Metrokoadrokaren oraingo honetan, gorputzen antolaketak eta dantzak aurreko lanetan baino espazio handiagoa okupatu dute, ondo okupatu ere.Â
Bukaerarako oso gutxi falta zela, argindarra joan zaigu eta publiko osoa kantetan aritu gara, pozik oso, txalo zaparrada itzela eskaini baino lehen. Aldameneko lagunak irribarrez esan dit amaierarik gabeko obra eskaintzea «oso metrokoadrokakoa» dela. Eta nik baietz. Bejondeizuela!