Kritika. Zinema

Minimalismo galaktikoa

Gontzal Agote.
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'Gravity'

Zuzendaria. Alfonso Cuaron. Aktoreak. Sandra Bullock eta George Clooney. Iraupena. 90 minutu. Herrialdea. AEB.

Sinplea bezain harrigarria da Gravity-k proposatzen digun bidaia. Itxuraz, bere horretan, ez du aparteko deus espazioan galduko diren bi astronautak bizirik irauteko dituzten muturreko abenturak. Iaioa da Hollywood mota guztietako traba eta hondamendien kontrako norbanakoen borroka horietan. Zorionez, diferentea da Gravity. Oso.

Lehenik eta behin, baliabide teknikoak goraipatu behar dira. Behingoagatik aurrerapen teknologikoak ikuslearen esanetara jarri direla dirudi, eta ez normalean gertatzen den moduan haren gozamenaren kontra.

Gehiegizko su artifizialak erabili behar izan gabe —ez baitu ematen beste batzuetan bezala efektu berezietan hainbat herrialdetako barne produktu gordina metatua gastatu dutenik—, Gravity-k bikainki lortzen du lortu nahi duen efektua: espazioan egotearen sentipena.

Pelikula osoa xaboi anpulu baten antzekoa da. Ziurrenik grabitate ezaren sentipena ez da inoiz horren erreala izan; ezta horretarako propio prestatuta dauden zoologikoetako Imax erraldoietan ere. Kameraren mugimendu koreografikoek efektu sinesgarri lasaigarria lortuko dute. Horri esker, enpatia handiagoa sentituko du ikusleak, eta, era berean, areagotuko da istorioaren errealismoa.

Hori baita nabarmendu beharreko beste alderdietako bat: errealismoan oinarritzen den filma da Alfonso Cuaronek zuzendu duena. Hainbat lekutan pelikula zientzia fikziozkoa dela irakurtzen edo entzuten ahal izan dugu. Bada, halakorik esatea gezur borobila esatea da.

Espazioan girotuta egoteagatik, ez du zertan pelikula batek zientzia fikziozkoa izan. Gaur egun, espazioan bizi eta lan egiten duen jendea izan bada, eta horien gainean istorio bat kontatzea fikzioa egitea izaten ahal da, baina ez zientzia fikzioa. Ala Curiosity eta Opportunity zientzia fikziozko pertsonaiak al dira?

Bakardadearen eta gizakien izate ezdeusaren inguruko filma da Gravity. Kontrakoa sinetsarazi nahi diguten eta sinetsi nahi dugun arren, unibertso mugagabean ez gara deus; momentu batean Sandra Bullocken begietatik ateratzen den malko ñimiño hori baino askoz ere gutxiago.

Horregatik, ariketa ezinbestekoa dirudi planeta eder horri kanpotik begiratzea, besteak beste proportzioak bere lekura eramateko. Alde horretatik ere, ikasgai ederra da minimalismoa oinarri duen artelan honek emateko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.