RONAN O SNODAIGH & MILES O'REILLY
'Mise Tusa'. Diskoetxea: Claddagh Records.
Disko zirraragarria da, oso, irlandar bikoteak elkarlanean kaleratu duen hirugarren hau. Elektronika atmosferikoa, perkusio organikoak, gitarra akustikoren bat, biolinen bat... eta Ronan O Snodaighen ahots keztatua, musika irlandarraren tinbre eta kantaera tradizionalekin bat egiten duena erabat. Ziurrenik ez duzu aspaldi hain nortasun markatua duen ahotsik entzun. Soilik horregatik merezi du kantu bilduma hau poliki dastatzea. Gehitu kantu gehienak gaelikoz kantatuta daudela eta erroak ondo lotuta dauzkatela bertako musika tradizionalean, eta horixe... esperimentazioaren, tradizioaren eta pop elektronikoaren mugan dabilen disko borobil bat.