'the fairy queen'
Les Arts Florissants Orkestra eta Käfig Dantza Konpainia
Musika-zuzendaria: Paul Agnew. Eszena-zuzendaria eta koreografia: Mourad Merzouki. Abeslariak: Paulina Francisco (sopranoa), Georgina Burashko, Rebecca Leggett eta Juliette May (mezzosopranoak), Ilja Aksionov eta Rodrigo Carreto (tenorrak), Hugo Herman-Wilson (baritonoa), Benjamin Schilperoort (baxu-baritonoa). Egitaraua: H. Purcellen Maitagarrien erregina Z. 629. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: azaroaren 19a
Henry Purcell bizi izan zen garaian Ingalaterrako jarduera musikalak beheranzko joera hartua zuen, baina estilo italiarra eta frantsesa uztartzen zituen musikak eta horri lotutako antzerkiaren eta eszenografiaren gorakadak bete zuen hutsunea. Efektu mekanikoz hornitutako antzokiak eraiki ziren, dekorazio oparoekin, denbora luzez debekatuta egon ziren ikuskizunez berriro gozatzeko irrikan zegoen publikoa zain zutela. Maskarada irudimentsuak garatu ziren han, ariak, koruak, dantzak eta hizketaldiak nahasten zituztenak. William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa obran modu askean oinarrituta, Purcellen Maitagarrien erregina semioperak egiteko joera horretan kokatzen da.
Bakana da poeta mozkorra, Maitagarriak, Gaua, Loa, ninfak, urtaroak, Misterioa eta Sekretua bezalako pertsonaiak biltzen dituen fantasia zirraragarri honen aurrean jartzea, are gehiago Kursaalean gozatu genuen bertsio freskoan baldin bada. Ederra izan zen txirulen duoan interpreteak txori nola bihurtzen ziren ikustea, II. ekitaldiko Sing While We Trip on the Green (Abestu belarrean dantzatzen garen bitartean) koroaren arintasuna edo Hush, No More (Isilik, soinurik ez) samurra, baita V. ekitaldiko eresia ere, Meyk eta kontzertinoak sentiberatasun handiz eskainia.
Funtsezko hiru zutabe izan ziren arrakastaren oinarrian: bata, Paul Agnewren gidaritza musikal fina, iskanbila kontrolatuan ere norabidea galtzen ez duena; bestea, Merzoukik bost dantzari, atrezzorik gabe eta espazio-baliabide murritzekin hedatu zuen mugimendu-erakustaldia, egungo keinu bihurriak era baliatuz; eta hirugarrena, bakarlarien lan eskerga kantua eta dantza tartekatzeko energia mantenduz. Käfig Konpainiak binomio emankorra eta sen onekoa osatu du 40 urtez errepertorio barrokoari berezkoa zaion espiritu jostalaria eguneratzen aritu den Les Arts Florissants talde espezialistarekin batera, sentsibilitate klasiko eta garaikideak uztartuz. Zubi-lanak luze iraun dezan eskatu beharko diegu, akaso, basoetako izaki guztiei.