KRITIKA. Antzerki dokumentala

Munduaren istmoan

Agus Perez.
2026ko maiatzaren 30a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘CentroamĂ©rica’

Konpainia: Lagartijas Tiradas al Sol. Antzezpena eta koordinazioa: Luisa Pardo, Lazaro G. Rodriguez. Eremu eszenikoa eta argiak: Sergio Lopez Vigueras. Oihal margotua: Pedro Pizarro. Zuzendari laguntzailea: Macaria Reyes. Nikaraguako irudiak: Rafael Camacho, Chilly Smit. Testigantzak: Dora Maria Tellez, Gabriela Selser, Rafael Camacho eta Nikaraguatik erbesteratutako batzuk. Lekua: Bilboko AZko auditoriuma. Eguna: Maiatzak 28.

Lagartijas tiradas al sol talde mexikarrak gutxienez bitan bisitatu gaitu, lehena 2014 Montserrat lanarekin eta bigarrena 2016 Tijuana-rekin. Bietan utzi zigun gogorapen ezin hobea, eta horregatik joan gara bitan pentsatu gabe oraingo emanaldira. Bide batez esanda, Dejabu konpainiako kide bi ere izan dira ikusleen artean —haiek ere gogoan zuten taldea, nola ez—, eta emanaldian zehar otu zait nolabaiteko paralelismoa ezarri zitekeela haien Itzulera bikainaren eta Lagartijasen Centroamerica honen artean.

Hala ere, azaleko alderaketa izango litzateke, Ameriketako istmoko giroan eta alderdi estetiko batzuen erabileran oinarritua besterik ez. Zeren eta, funtsean, Dejabukoena antzerki oniriko-poetikoaren arloan kokatzen da bete-betean, eta Lagartijasena fikzio dokumentalari dagokio. Eta, hala ere (berriro), paraje haietan zehar egindako bidaia dute lan biek oinarrian, eta eskualde hartako biolentzia giroa bietan agertzen da ezinbestean, oso era desberdinetan agertu arren. Antzezpenekin batera, irudi filmatuek ere daukate beren rola lan bietan, baina oraingoan benetakoak dira batzuk, eta beste batzuk berdin litezke aurretiaz prestatuak edo beranduago prozesatuak.

Ikusten denez, antzerki dokumentalaren arloan gaude, baina talde mexikarrak musika, irudi finkoak nahiz proiektatuak, elementu eszenikoen maneiua, arropa aldaketa egokiak, testigantza egiatiak eta zuzeneko antzezpenak uztartu ditu pieza eszeniko sendo eta eredugarri hau plazaratzeko. Bestetik, komeni da jakitea taldeak honela definitzen duela bere burua: «artista saldo bat [gara], eszena gainean jardun eta liburuak, irratia, bideoa eta heziketa-prozesuak egiten dituena».

Emankizunak bi atal eduki ditu: lehendabizikoan Mexikotik hegoalderago dauden zazpi herrialdeen berri izan dugu, haietariko bakoitzaren ezaugarri ezagunenak birpasatuz: Panamako kanalaren soberania, Costa Ricaren suitzar nortasunaren mexikartzea, Belizeren izaera ezezaguna eta anglofonoa, El Salvadorreko marak amaitzeko Bukeleren errezeta ultra-bortitza… Bigarrenean, ordea, Nikaraguako egoeran zentratu dira balizko kasu pertsonal baten aitzakian. Girotzea eta antzezpenen tonua lehen bezain bikainak izan dira, eta kontakizuna interesgarriagoa bihurtu da antzezle baten ustezko bizipen arriskutsuen harira, baina hautu horrek agerian utzi ditu muntaiaren gabezia biak, hau da, atal bien arteko desoreka eta Erdialdeko Amerika konplexuari emandako begirada azalekoa.

Munduaren istmoak trilogia bat beharko luke gutxienez, eta guk gustura ikusiko genituzke atal guztiak talde konprometitu eta artistikoki aurreratu honen eskutik. Amaitzeko, Palestinaren aldeko aldarri batekin itxi dute emankizuna, ikusleen txalo beroen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE