Kritika. Antzerkia

Nerabetasun infinitua

'Adolescencia infinita' antzezlana. NEREA COLL / PONT FLOTANT
'Adolescencia infinita' antzezlana. NEREA COLL / PONT FLOTANT
2026ko otsailaren 17a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

'adolescencia infinita'

Konpainia: Pont Flotant. Testua eta zuzendaritza: Joan Collado, Jesus Muñoz y Pau Pons. Antzezleak: Joana Alfonso, Yolanda Garcia, Jesus Muñoz, Javi Vega. Lekua: Bilboko BBK aretoa. Eguna: Otsailak 13.

Barka iezadazue harturiko lizentzia, baina testu honi kritikatu behar dudan antzezlanaren titulu bera eman diot. Espero dut estilo zuzentzaileen eta zuen induljentzia, ezen, ez baitut aurkitu Pont Flotant konpainiaren azken lanaren mezua Nerabetasun infinitua bezain ondo deskribatzen duen espresiorik. Bira valentzieraz egin ostean, obra gaztelaniaz ikusteko parada izan dugu, eta lanaren muinean dagoen desio argia horrela adierazten digu protagonista batek: «Nerabezaroa heldutasunetik ulertu nahi nuke, baina ezinezkoa da, urrutitik behatu eta nerabeen ahotsak entzun besterik ezin dut egin; nire garaia gogoratu, eta beraien artean imajinatu, nerabezaro amaigabeaz gozatzen». Institutuko garaira itzultzen zela egin du amets; hor zeuden bere gelakideak, hor zegoen bera ere, baina —hortxe koxka— heldua izanik. Horixe da ikusgarriari hasiera ematen dion anekdota. Hortik aurrera, hiru heldu etxeko nerabeen jarrerak eta izaerak ulertzen saiatzen dira. Horrela, batzuetan, gazteen nortasuna ulertu nahian, gurasoek nerabezarora joko dute, beren oroimenen bila; beste batzuetan, aldiz, hainbat familiaren egunerokotasuneko eszenak txirikordatuko dizkigute. 

Kontua da, 1990eko Twins Peaks telesail zaleak ziren aita-ama jator hauek, garaian parrandero, batzuetan droga kontsumitzaile eta dantzaldi zoroetan ibiliak izan arren, ez dutela ulertzen ez gaztetxoek lagunekin egoteko duten grina aseezina, ezta seme-alabekiko komunikazio falta sentsazioa nondik datorkien ere. Bada, halaber, Peter Pan sindromea aitortu digun aita gazte infinitu bat. Kontua da, zuek gaztarora itzuliko zinatekete? Gordetzen ditugun oroimenak goxoak al dira? Nolakoak dira, bada, zuen kontakizunak? Ez al dugu guk ere nerabe moduan jokatzen hainbatetan? Ni nago jende askok ahaztutako objektuen kaxan sartzen dugula gure adoleszentzia. Bestela, nola ez gara ulerkorragoak neska-mutikoei aldi gorabeheratsu horretan gertatzen zaienarekin? 

Emozio handia zabaltzen da oholtzatik. Publikoak barre arin zein katartikoak egin ditu elkarrizketak hiperrealistak direlako, identifikaziorako helduleku hobeezinak. Didaktismoan pittin bat erortzen badira ere azken partean, proposamena oso erakargarria eta hunkigarria da. Planteamendua samurtasunetik zabaltzen zaigu momentu oro. Aktoreek haragiztatzen dituzte helduen rolak; gazteenenak, berriz, maniki batzuek irudikatzen dituzte. Kontrasteak oso ondo adierazten du gurasoen frustrazio sentimendua. Ahotsak mikrofonatze postmoderno deritzodan modalitatean eskaini dizkigute, hots, nahita bilatutako efektu tekniko zehatz batez bilduta, zeinak ahotsen urrutiratze efektua lortzen duen. Dramaturgiak gardentasuna du oinarri: manipulazioak, musika kudeaketa zein atrezzo aldaketak begi-bistan gauzatzen dituzte. Eszenatokiak, objektuz beteta egon arren, hutsa ematen du bere belztasunean. Teatraltasunaren erremintak ezkutatu ordez, denon aurrean ikusgai daudenez, teatralitate gutxikoa iruditu nahi lukeen teatro garaikidearen adibidea dugu pieza hau. 

Pont Flotant-ek badu izena, badu izana, eta plazera izaten da gure plazetara etortzen direnean. Ahal baduzue, joan ikustera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.