KRITIKA. Performancea

NMN delakoa

Marina Otero, 'Kill me' antzezlanean. BERRIA
Marina Otero, 'Kill me' antzezlanean. BERRIA
Agus Perez.
2026ko apirilaren 30a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

'KILL ME'

Konpainia: Marina Otero. Zuzendaritza eta idazketa: Marina Otero eta interpreteak. Jatorrizko musika zuzenean: Myriam Henne-Adda. Zuzendari laguntzailea: Lucrecia Pierpaoli. Kanpo-begirada: Martin Flores Cardenas. Argiak: Victor Longas, David Seldes. Jantziak: Andy Piffer. Interpreteak: Ana Cotore, Javiera Paz, Natalia Lopez Godoy, Myriam Henne-Adda, Marina Otero, Tomas Pozzi. Lekua: Angeluko Quintaou antzokia. Data: Apirilak 28.

Aulestiko ADEL jardunaldietan ikusi genuen Idoia Tapiaren Alter nation izeneko performance bikaina, eta lan haren kritikari IND delakoa jarri nion izenburu. Orduko hura Identitatearen Nahasmendu Disoziatiboari zegokion, eta oraingo hau —NMN delakoa— Nortasunaren Muga-Nahasmendua da. Badirudi zutabe hauek psikiatria-kontsulta baten itxura hartzen ari direla, baina zer espero dugu pailazo laranja batek gidatzen duen mundu honetako buru-osasunaz?

NMN delako hori izan liteke Marina Otero argentinar performerrak bere nortasun konplexuan daraman ezaugarri psikologikoa, kontuan hartuta bere lanen izaera zoro, aurreratu, ezkertiar eta artegagarria. Oroimena freskatzearren, Donostiako Gazteszenan 2022an ikusi genuen Fuck me harrigarria. Lan hura trilogia baten lehen atala zen, bigarrena Love me deitu zen eta oraingo Kill me izan da Angelura etorri dena, gaztelaniaz eta frantsesezko itzulpen proiektatuekin.

Bere estiloari fidel izanik, Oteroren aitorpen pertsonalekin eta haien dokumentu filmatuekin hasi da guztia, benetako eszenak, argazkien ebakiak eta beste trikimailu bisual batzuk abilezia handiz txirikordatuz. Bikotearekin izandako harremana pikutara joan omen da protagonistaren izaera neurotikoa tarteko, baina baita ere mutilaren joera nartzisista eta posesiboagatik. Une batetik aurrera ekintza eszeniko zuzenera igaro da kontua, eta taula gainean zeharo biluzik ibili diren bost emakumeak —Otero bera barne— izan dira agertokiaren andre eta jabe, emakume-gorputza aldarrikapen guztien erdigunean jarrita, eta haietariko behinena diferente izatearen eskubidea izanik.

Xede horri begira, suposatzen da buru-nahasmenduren bat duten lau emakume hautatu dituela —gehi Otero bera—, baina bere lanetan ezin da inoiz jakin zer ote den egia eta zer gezurra, gaixoei gertatzen zaien bezala, eta beharbada Kill me honetan ere ezer ez da dirudiena. Egia seguru bakarra da abilezia itzela daukala ikuslea unibertso hipnotiko eta irreal batean murgiltzeko, hitz diskurtsiboak, indar pertsonala, probokazio neurtua, ekintza fisikoa eta zuzeneko musika —ahotsa eta pianoa— lagun.

Alde horretatik, pistola banarekin ibili dira bost emakumeak, eta suizidioaren ideia behin baino gehiagotan aipatu da irtenbide bakartzat. Boxeo-eskularruak ere agertu dira hortik-handik zenbait borrokatan, eta eskularruak baino ez jantzita jo ditu haietariko batek Bachen eta beste batzuen partiturak pianoan. Noski, Nijinskiren figura tormentatua izan da inspirazio iturri nagusia. Tomas Pozzik gorpuztu du bere Dani de Vitoren itxura betearekin, eta pasarte batean ballet klasikoko dueto sakrilego bat gauzatu du dantzari batekin, ikusleen barre herabeen artean. Amaitzeko, ederki txertatuta etorri da Israel bere babesleekin palestinarren aurka duela 78 urtetik gauzatzen ari den kolonizazioa eta garbiketa etnikoaren aipamena, ikusleen txalo beroekin eskertu dena. Emanaldian zehar, kandelekin argitu dute bihotz gorri handi bat agertokiaren bazter batean, eta bukaera horretan Palestinako bandera paratu dute haren alboan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA