'LAKIOA'
Bederatzi kontakizunekin eman dio hasiera Josu Goikoetxeak bere narraziogintzari, Elkar argitaletxeak emandako Joseba Jaka bekari esker.
Ongi laburbiltzen du izenburuak liburu honetan biltzen diren ipuinen muina, Lakioa, azken finean haien bizitzetan harrapatuta sentitzen diren pertsonaiak baitira istorio guztien ardatza. Itomena zehatz-mehatz nondik zetorren kontziente izan ez eta euren buruarekin katramilatuta aurkitzen dira halabeharrez. Gogoetara jotzen duten kontakizunak aurkezten ditu, hala, Goikoetxeak, izan narratzailearen digresioen bidez, izan pertsonaien auto-behaketarako joeraren bidez, protagonistak noraez horretara bideratu dituzten arrazoiak apurka agertzen baititu ipuin gehienetan.
Alde horretatik aipatu behar da Goikoetxeak kontakizunak girotzeko duen abilezia. Liburuan erraz igartzen da inguruneak deskribatzeko edota zertzelada zenbaitekin anbiente zehatzak sortzeko duen gaitasuna, eta, beraz, eszenak detaile handiz agertzen dira irakurlearen begietara. Elkarrizketetan galdu egiten da apur bat sakontasun hori, behartu xamar gertatzen baitira sarri, nahiz eta narrazioei bizitasuna eman.
Esan bezala, eszenatoki eta pertsonaia askotarikoak baliatzen ditu idazleak: gurasoen baserrira bizitzera itzultzen den droga-saltzailea, alabaren polizia graduazioan dagoen politika irakaslea edota enpresa-zuzendari bilakatzear dagoen aitaren seme mengela, adibidez. Izan ere, ipuin bakoitzean ongi definitzen da pertsonaia nagusiaren bizimoldea, bizitokia, klase soziala eta familia-egoera, eta horiekin lotzen dira haren korapilo nagusiak. Horretarako, idazkeran ere tonua zein hizkera modulatzen saiatu da Goikoetxea, nahiz eta guztietan gailentzen den bere estiloa, hiztegi aberats eta jasoak markatua, liburuari batasun moduko bat emanez. Horrek distortsioak eragiten ditu zenbait pertsonaiarekin, nahiz eta ez den irakurketa-paktua haustera iristen. Halaber, zenbaitetan, Ardo gozoa, ardo garratza eta Su bat muinoan ipuinetan kasu, formarekin esperimentatzeko eta bestelako literatur generoekin uztartzeko hautua egin du, bertsoak zein kazetaritza-testuak bilakatuz kontakizunaren erdigune.
Ipuingintzaren tradizio klasikoari jarraikiz, narrazioaren tentsioarekin jolasten da istorio gehienetan, amaieran azken klimax edo bira bat heldu arte. Mekanismo interesgarria da, eta ipuin batzuei mesede egiten die. Hala ere, zenbaitetan agerikoegi geratzen da literatura baliabide gisa, eta kontakizunean aurrera egin ahala azalpen edo esaldi batzuk sobera daudela nabari da, gehiegi iragartzen baitute tentsio-eraikuntza hori.