MIRAMONGO MATINÉEAK
Delicia Ensemble: Raquel Cortinas, Irene Etxebeste, Annemarie Harmat eta Ricardo Ruiz (biolinak), Justyna Janiak-Krymer eta Pawel Krymer (biolak), Karmele Castillo (biolontxeloa), Guangyao Zhao (kontrabaxua), Oscar Diago eta Pascal Laffont (oboeak). Egitaraua: D. Cimarosaren Oboerako kontzertua do minorrean, T. Albinoniren Oboerako 2. kontzertua re minorrean op. 9, W. A. Mozarten Divertimentoa re maiorrean K 136 eta A. Vivaldiren Bi oboe, hari-orkestra eta kontinuorako kontzertua re minorrean RV 535. Lekua: Euskadiko Orkestraren auditoriuma. Eguna: Apirilaren 25a.
Euskadiko Orkestraren Miramongo Matinéeak aukera paregabea dira orkestrako musikariek eremu sinfonikotik at ganbera-errepertorioaren eskakizunei nola erantzuten dieten atzemateko. Oraingoan, Delicia Ensemblek «oboearen kantu eta lilura» ekarri zizkigun fintasun handiz.
Domenico Cimarosaren Oboerako kontzertua-k ireki zuen emanaldia. Kuriosoa, kontzertu hau ez baita existitzen; Cimarosak ez zuen oboerako kontzerturik idatzi. Egun aurkezten den partitura Arthur Benjamin zuzendari eta konpositore australiarrak 1949an egindako asmakizuna da: Cimarosaren pianoforterako sonatak abiapuntutzat hartu, eta oboerako moldatu eta orkestratu egin zituen Evelyn Rothwell oboe-jotzailearentzat. Gauzak horrela, pieza bitxi honen bertsio samur eta doia egin zuen Laffontek, sarrera lirismo handiz ebatziz, estilo operistiko napoliarra gogoan, eta Allegro giusto-aren nota errepikatuetan gogo-aldarte joria gailenaraziz.
Diago izan zen protagonista Tomaso Albinoniren kontzertuan. Garaian oboea garapen bidean zegoen oraindik, eta Albinoni izan zen, hain zuzen, Italian instrumentu horretarko idatzi zuen lehentarikoa; 2. kontzertua da, ziurrenik, errepertorioan ezagunenetarikoa, kontzertu barrokoaren hiruko egitura mantentzen duena. Argitsuak izan ziren lehen mugimenduan orkestraren eta oboearen txandakatzeak, Etxebestek lehen biolinetik zentzuz gidatutakoak, eta guztiz hunkigarria Adagio-an Diagok garatu zuen lerro melodikoa, arnasketa kontrol bikaina eskatzen duen fraseatzea lagun.
Oboerik gabe, Divertimentoa re maiorrean hariek W. A. Mozartek 16 urterekin idatzitako gai arin zein dotoreak doitasun handiz eskaini zituzten, nahiz tarteka bazirudien unean-uneko pasarte asaldatuek zama gehiegi zutela. Amaitzeko, Antonio Vivaldiren Bi oboerako kontzertua-n aukera izan genuen ikusteko konpositoreak nola jartzen dituen bi bakarlariak elkarlanean, eta ez luzimendu partikularrera bideratutako lehian; horren eredu, Largo-an hari baxuen sostenguaren gainean eraikitako giro sentikorra. Zeinen goiz ederra.