THE CONSTELLATION CHOIR AND ORCHESTRA
Zuzendaria: Sir John Eliot Gardiner. Bakarlariak: Hilary Cronin eta Sam Cobb (sopranoak) eta Jonathan Hanley (tenorra). Egitaraua: J. Brahmsen Schicksalslied op. 54 eta F. Mendelssohnen bigarren sinfonia Lobgesang. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 22a.
Duela hiru urte, kontzertu bat amaitu ostean, sir John Eliot Gardinerrek William Thomas baxuari masailak astindu, ahoan ukabilkada bat eman eta irain ugari oihukatu zizkion, eszenatokira modu okerrean sartu izana leporatzen zion bitartean. Denbora batez eszenatokietatik aldendu zen, eta, azkenean, berak 1964an sortutako The Monteverdi Choir and Orchestra taldeak kaleratu egin zuen. 2024an sortu zuen The Constellation Choir and Orchestra, eta horiekin etorri da aurten Musika Hamabostaldira, programa erabat erromantikoa zuen esku artean.
Friedrich Hoelderlin idazle alemaniarraren Hyperion eleberri epistolarrean txertatzen den testuaz baliatzen da Johannes Brahms 1871n idatzitako Schicksalslied (Patuaren abestia) obra ezagunean. Eleberriak estetika erromantikoaren ohiko gaiak biltzen ditu: maitasunaren gorazarrea eta bere miseriaren kontzientzia, naturarekiko lotura, berreskuratu ezin daitekeen iragan baten malenkonia... Horiek guztiak idazkera zabal eta biziaz aurkezten ditu Brahmsek, ahotsei dramatismo zama handia utzita, eta intentsitatez eta sotiltasunez betetako uneak eskaintzen ditu. Mendelssohnen bigarren sinfonia, Johannes Gutenbergek inprenta asmatu zueneko laugarren mendeurrena ospatzeko idatzia, obra betea da. Gorespen kantua du izenburu, amaierako zatian Jainkoari gorazarre egiten dion kantata bat baitu, Martin Luterok egindako Bibliaren alemanezko itzulpena erabiltzen duena.Â
Larunbatean, kontzertazio arazo batzuk izan baziren ere, nabarmena izan zen zurezko haizeen fraseratzea eta harien doitasuna kontzertu osoan. Bakarlariek, berriz, pasarte ederrak oparitu zizkiguten, hala nola Hanleyk HĂ¼ter, is die Nacht bald hin? zatian, eta baita bi sopranoen Ich harrete des Herrn duoan, tronpak fin lagunduta. Abesbatzaren kasuan ez daukat hain argi. Ahoskera landua eta zehaztasun osoa agerikoak baziren ere, gordintasun handiagoa espero zitekeen, batez ere goiko erregistroan, eta zertxobait laua suertatu zen emaitza, erromantikoek gustuko ez zuten itsaso barea.