Kritika. Musika

Oroimenak ozen egiten du oihu

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun

Euskadiko orkestra



Zuzendaria: Roderick Cox. Egitaraua: G. Walkerren Lyric for Strings, J. Adamsen Doctor Atomic Symphony eta S. Rakhmaninoven Dantza sinfonikoak op. 45. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoak 10.

Euskadiko Orkestrak bere zuzendari Robert Trevi-├▒oren jaioterrian sortutako musika erdigunean jartzen duen programa aurkeztu du: lehen zatiak George Walker eta John Adams konpositoreen obrak entzuteko parada eman zigun; bigarrenak, Errusiako Iraultzatik ihesi Estatu Batuetara emigratutako Sergei Rakhmaninovena. Batutan, ibilaldi oparoa egiten ari den Roderick Cox estatubatuarra.

Konpositore eta musikari afro-amerikar batek inoiz ez lortutakoa erdiesten lehena izan zen Walker: bere karreran jasotako sariak, interpretazioak eta graduazioak musikaren historian mugarri bihurtu dira ezinbestean. Gaztetan idatzi zuen bere Lyric for Strings, zendutako bere amonari eskainia. EOko hariek lan fina egin zuten partituran ageri diren harmonia joriak zabaltzen, esaldien noranzkoari dentsitatea gehituz.

Bonba atomikoaren asmakuntza eta detonazioak XX. mendeko historia betirako zatitu zuen bitan. 2005ean estreinatutako Doctor Atomic operak, hain zuzen ere, entseguen aurreko egunak ekartzen ditu gogora, Oppenheimerren dilema moralak zein Groves jeneralaren irrika militarra miatuz. Horiek guztiak trinkotu egiten dira Doctor Atomic Symphony-n. Metalek presentzia handia dute obra guztian zehar, batez ere, ondorio zitalen aurrean sentitzen den ikara haragiztatzen duen Panic mugimenduan; tronpetak, esaterako, Oppenheimerren erregua sendo irudikatu zuen Trinity mugimenduan. Han-hemenka tempoaren zein koloreen desoreka egon bazen ere, Euskadiko Orkestrak berezkoa duen indarra askatzeko aukera bilakatu zen.

Rakhmaninoven Dantza sinfonikoak obrak, berriz, errusiarraren gomutak biltzen ditu, atzean utzitako sorlekuaren oroitzapenek sortzen duten distira. Coxek keinu zehatzaz gidatu zituen bigarren mugimenduaren balsa zein bukaerako Allegro vivace-aren erritmo dantzariak. Orkestran, oro har, intentsitatea doitasunari gailendu zitzaion, baina, denera, atzeman ahal izan ziren malenkoniaren, herriminaren eta oroimenaren galerak sortutako tristuraren askotariko aurpegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.