Kritika. Musika

Ospitale bete donut

J Dilla - 'Donuts'
2026ko urtarrilaren 25a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

j dilla

'Donuts (20th Anniversary Audiophile Edition)'
Diskoetxea: Stones Throw Records.

James Dewitt Yancey J Dilla estatubatuarra, ekoizle, rap kantari eta disko jartzailea, 90eko urteetan azaleratu zen jaioterri zuen Detroit hiriko hip-hop eszena undergroundean. Bere ekoizpenak, baina, herrikide zuen Amp Fiddler (Parliament/Funkadelic) musikari eta ekoizleari erakutsi zizkionean, aho bete hagin utzi zuen. Zeharo xarmatuta, Fiddlerrek A Tribe Called Quest hip-hop taldeko Q-Tip taldekideari sekulako kaparrada eman zion bira batean, Detroiteko gaztearen ekoizpenak entzun zitzan.

Dillak antzeko zirrara eragin zuen New Yorkeko musikariarengan, apurka-apurka, hip-hopak eman duen ekoizle handienetako bat bilakatzeraino; izan ere, musikari eta banda andanarekin egin zuen lan Detroitekoak, besteak beste, aipatutako A Tribe, De La Soul, The Roots, The Pharcyde, D'Angelo eta Erykah Badu. Hip-hop eremutik mainstream putzura jauzi egiteko gaitasuna ere erakutsi zuen; hala nola Janet Jacksonekin ere aritu zen ekoizle.

Dillaren bidea, baina, laster lurperatu zen. 32 urte zituela zendu zen, purpura tronbozitopeniko tronbotikoak jota; halere, ospitalean emandako egonaldi itzaltsua bere ibilbideko maisulana sortzeko baliatu zuen. Ahalegin hori heriotzaren inguruan ardazten den Donuts diskoan gauzatu zen, zeina bere 32. urteurrenarekin batera argitaratu zen —handik hiru egunera zendu zen Detroitekoa—. Hartara, diskoak hogei urte betetzen ditu aurten, eta, urteurren hori tarteko, Stones Throw Records diskoetxeak luxuzko edizio bikoitz bermasterizatua plazaratu du, donutaren azalerekin —azalaren beste bertsio bat ere badago, smile, zeinetan Dilla irribarretsu agertzen den—.

Diskoak, batez beste, minutu eta erdi irauten duten 31 pilula biltzen ditu. Dillak horretarako makina bat sample erabili zituen, moztu eta itsatsi sistema baliatuz. Doinuak gehienbat instrumentalak dira, sampleatutako kantuetan agertzen diren artisten ahotsak agertu izanagatik ere, tartean, Shuggie Otis, Frank Zappa, Beastie Boys, Dionne Warwick eta James Brown. Hori dela eta, diskoa instrumentaltzat jo da, «rap kantaririk gabeko rap albumtzat».

Jordan Fergussonek 33 1/3 bildumarako Donuts diskoaren inguruan idatzitako liburuan, hauxe dio Dillaz: «Teknologia erabiltzen du musikaren emozioak nabarmentzeko, eta ez liluratzeko. Bere sinpletasunean entzuten da, erabili diren jatorrizko sampleak entzuten dituzun arte. Orduan, benetan baloratuko duzu Dillaren artisau lana sortzerakoan, eta oro har, musika originala egiteko sampling-aren artea».

Ondorioz, hasieran txatalekin jositako soinu mosaiko bat dirudi, patchwork teknikaren bidez eraikitako obra makala. Haatik, entzunaldien poderioz, entzulea laster ohartuko da Dilla heriotzaren kontzeptuaren inguruan ari dela irudimentsu, bai eta denbora maneiatzeko maniobren bidez obra trinkoa taxutzen duela ere: doinuak loopetan betikotzen ditu, trantsizio zakarrak eragiten ditu eta bukle zatikatuak sortzen ditu, baina, era berean, diskoa borobiltzen du donut baten antzera.

Denbora gelditzeko eta mantsotzeko imajinaziozko testamentu koloretsua da Donuts, eta bi hamarkadaren ondoren, jatorrizko magia guztia gorde eta haizatzen du. Disko zaharretan arakatuz, heriotzatik urruntzeko eta hurkoei agur esateko modurik egokiena aurkitu zuen Dillak. Donut garratz hauek geroa azukrez hautseztatzen jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.