‘La cuisine de ma cousine’
Hona hemen udako antzerkia, lan edo ikasketa urteko arazoetatik urrundu nahi gaituena. Eta zer hobeagoa, xede horri begira La Cubana konpainia katalanaren proposamen arin eta freskagarri bat baino? Aspalditik dabil Bilboko karteldegiak alaitzen La cuisine de ma cousine antzezlanaren afitxa koloretsua eta, tira!, irailaren erdira arte ikusgai egongo denez, zer gutxiago hura ikustera joatea baino?Â
Antzokira sartzean tamaina handiko esku-programa hartu eta harekin batera linternatxo bat banatu digute, lepotik eskegitzeko bere zintatxoarekin eta guzti. Patata bana ere oparitu digute emanaldiaren erdian, baina horretaz gero hitz egingo dugu. Kontua da, La Cubanaren garai bateko estiloa zela emanaldi parte hartzaileak eta sakontasun handirik gabeak eskaintzea, gizartearen konbentzioei nolabaiteko ausardiaz ekinez, betiere umore zuriaren esparruan. Horrela lortzen zuten ikusleen atxikimendua eta antzerki-emanaldi batera joatea esperientzia bizigarri eta diferente izatea.
Oraingo honetan, aldiz, italiar erako antzerkiaren bidetik ibili dira gehienbat, etxekoandreentzako telebista programak parodiatzen —ustez parodiatzen— lehen hiru ordu laurdenetan, Anne Igartibururen moduko telebista-pertsonaia batek estilo horretako elkarrizketa ezin zozoagoa egiten ziola La cuisine de ma cousine mundu mailako jatetxe katearen jabe andereari. Asko dira berrogeita hamar minutu ekintzarik gabeko hutsalkeria betean emateko, baina gauzak borobiltzeko, Montse Amaten gainean geratu da protagonismo osoa, eta horrek, gehi edozein gauzatan luzamendutan ibili izanak, nekagarri egin du denboraren iragatea.
Planteamenduaren ganora falta samurtu nahian edo, ad nauseam baliatu dituzte Bilbori egindako aipamenak, Bilbo eta Donostia arteko ustezko etsaitasun merkea barne. Denak balio du, antza, baina sitsek jandako kontu horrek ere ez du aparteko barrerik eragin. Izan ere, ez da barre zabalik entzun emanaldian zehar.Â
Une jakin batean, ordea, gidoia aldatu eta ikusleen artetik atera dituzte hamar bat boluntario ustezko patata-tortilla erraldoi bat prestatzeko, eta nik esango nuke hor berreskuratu dela tarte batez La Cubanaren jatorrizko estiloa. Une hori igarota, ordea, berriz ere ekin diote argumentu eta antzezpen maiztuei, eta berriz ere erori gara hasierako asperdura amaiezinean. Bide batez esanda, nonbait ikusia nuen emanaldiak ordubete eta hogei minutu iraungo zuela, baina egiatan ordu bi eta hogei minutukoa izan da. Eta, gainera, ez dugu tortillarik jan.