Kritika. Musika

Patua zehazteke

Marta Garcia
2026ko irailaren 1a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

MILANGO SCALAKO ORKESTRA FILARMONIKOA

Zuzendaria: Riccardo Chailly. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Egitaraua: G. Verdiren La forza del destino obertura, Stabat Mater eta Te Deum eta P. I. Txaikovskiren 4. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 30a. 

Ohikoa denez, itxiera sinfoniko handia eman zaio Donostiako Musika Hamabostaldiari; 87. aldi honetan, Milango Scalako Orkestra Filarmonikoak izan du horretarako ardura, XIX. mendean Italiako tradizio sinfonikoa piztu zuenak. Riccardo Chailly zuzendari titularraren zuzendaritzapean, patuaren inguruan ondutako programa jo zuten, haien errepertorioan hain garrantzitsua den Giuseppe Verdiren musika tartean.

Kontzertua, hain zuzen, Rivasko dukearen Don Alvaro edo patuaren indarra antzezlanean oinarritutako La forza del destino operako oberturak ireki zuen. Hark biltzen dituen gai musikalen eskutik, kontzertu osoan mantenduko ziren bi elementu nabarmendu ziren: sekzio desberdinen koloreak, ez beti uniformeki nahastuta, eta orkestraren beraren soinua, oparoa izanik ere, definizio faltan. Donostiako Orfeoia batu zen gero, Verdik bere bizitzaren azken hamarkadetan konposatutako Lau erlijio pieza sortako bi eskaintzeko: Stabat Mater eta Te Deum, kronologikoki azkenak, 1895-1897 artean idatzitakoak. Ez dira obra errazak. Kromatismoz beteta dago lehena, zati samurrak eztanda dramatikoekin tartekatuz, eta kontrol handia behar du. Te Deum zuzenean jarraiarazi zuen Chaillyk, era gregorianoan a capella hasten den ereserkian gizonezkoen ahotsak biluzik utzita abesbatza osoa sartu aurretik. Afinazio eta proiekzio kontuak kontu, abesbatza bikoitza eskatzen duten zati neketsuak barne, agerian geratu zen Verdiren elizkoitasunak inplikatzen duen dramatismoa. 

Bigarren zatian, Txaikovskiren 4. sinfonian, hasierako oberturan sumatu ziren hutsuneak eta tasunak nabarmendu ziren berriro: soinu fluxu handia, baina norabide falta pixka batekin, eta beti bat ez zetozen sekzio distiratsuak. Irekieran, esaterako, eta patuaren gaiak duen indarraz kontziente, fintasun eta doitasun handiagoa espero zitezkeen. Dena den, une gogoangarriak izan ziren: oboearen jarduna andantinoan, dinamika sotilez hornitutako pizzicatoak scherzoan, eta finalearen koda argitsua. Handia zen patua, baina ez dago argi zein zen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA