Literatura. 'EZER EZ'

Pentsatu nahi ez direnak

Iratxe Esnaola.
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Egilea: Janne Teller.

Itzulpena: Juan Mari Mendizabal.

Argitaletxea: Alberdania.

Ezerk ez du garrantzirik, aspalditik dakit. Beraz, ez du merezi ezer egitea; hori ikasi berria naiz». Esaldi horrexek ematen dio hasiera liburuari, eta mantra bat bezala tematzen da irakurlearen gogoan, Herman Melvilleren Bartleby izkribatzailea obra ezagunean Bartleby gris apal ia mutuak errepikatzen zuen «Aukeran, nahiago ez» gogoangarri haren oihartzun gisa edo. New Yorkeko izkribatzaileak ezer egiteari uko egin zion modu berean hautatzen du Janne Tellerrek (Danimarka, 1964) osatutako eleberri laburraren protagonista den Pierre Anthon mutikoak ezer ez egitea, ezerk axola ez duela jabetu denez. Antzezte hutsa da bizibidean egiten dugun oro, eta eskola sistema arautuak, «zirkuko norbait» izatera garamatzan neurrian, iruzur hutsa da. Eskola alde batera utzi eta bere etxe aurreko aranondo batera igota ematen ditu egunak Pierrek, ezertan ere ez. Ezer ez baikara, ezta izango ere; beraz, antzu da deusetan saiatzea. Italo Calvinoren Barone Rampante-ak egin bezala, arbolatik jaisteari uko eginez, gogoetak harilkatzen ditu eskolara doazen gelakideei jaurtiz bere iritziak. Hain zuzen, narratzailea haren gelakide Agnes da, 13 urteko neskato bat, eta haren eskutik ezagutuko dugu, pixkanaka, izuzko istorio bihurtuz doan fabula aparta.

Taering deritzon hirian, Pierre Anthonek eskola uztean, kideak ikaratu egin dira haren iritziekin. Bizitza antzerki hutsal, itxurakeria eta denbora-pasa dela esaten duelako, Pierre isilarazi arteko bakerik ez dute izango nerabeek. Badakite dioena egia dela, baina beldur dira. Aurre egingo diote errealitatea erakutsi zaien moduan ez ukatzearren. Gelakideak elkartu dira zerbait egiteko. Gauzen itxurari eusteko arazo da Pierre Anthon. Taldea disidentearen kontra ekitera doa. Helduen laguntzarik gabe, nerabeen jarrera makurren errenkak gizabidearen muturrik berekoienera garamatza. Garrantziaren meta deituriko objektu pilatze bat jarriko dute martxan hiriko zerrategi zaharrean. Kide bakoitzak gehien maite duen hura utzi beharko du metan, Pierri erakusteko izan badela zer garrantzitsurik bizian, baina norberak norbere preziatuena norberarentzat gorde nahi duenez, besteak hautatu beharko du kideari galtzeak min gehien emango dion hura. Horrela hasten dira elkar mintzen, elkar salatzen, bata zauritua izatean hurrena martirizatzen. Elkar engainatzen norbera salbatzeko, ahuldadeak agerian geratzen dira. Garrantziaren meta objektuekin hasi arren, gaiztakeriak izaki bizidunak exijitzera eramango ditu, gupida oro desagerraraziz, gorrotoz beterik. Aurreneko krudelkeria baimentzeak bide ematen die krudelkeria handiagoei. Ezin geraturik, handituz doa zirimola, beldurrezko ipuin bihurtu arte. Eta hori dena, autoritate eta indarkeria eredu ezagunen bitartez. Muturreko egoeran eta nerabezaroan ere, genero rolak erreproduzitzen dira. Eginbeharrak banatu eta indarra egikaritzeko boterea gizonena da, eta berehalako indarkeriarako joera haie esleitzen zaie. Aldiz, maltzurkeria nesken papera da.

Gaztetxoentzako liburu gisa aurkezten da han-hemen obra, baina esango nuke 13-14 urteko gazteak protagonistatzat dituen fabula bat dela. 2000. urtean, Danimarkan zalaparta sortu zuen obraren argitaratzeak, debekuak jasotzeraino. Egun, nahitaezko irakurketen artean dute eskoletan. Ezin uler dezaket ezein zentsura, eta are sinesgaitzago gertatzen zait horren irakaspen argia duen, lezioa hain nabarmen dakarren obra batean aplikatzea. Azken buruan, narratzaileak arrazoia ematen dio Pierre Anthoni. Alde bakarra, antzezpenetik irteteko hark egindakoa egiteko adore falta da. Garrantzitsua denaz eta ez denaz gogoeta egiteko fabula bikaina da, begirada gupidagabea jaitsi gabe maisuki aurrera eramana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.