LOVE, BURNS
'Pavement Drawings'
Diskoetxea:Â Spinout Nuggets-Jigsaw-Calico Cat.
Phil Sutton musikari ingelesak 30 urte baino gehiago daramatza poparekiko zaletasuna garatzen. Comet Gain ezinbestekoen sortzailea izan zen David Christianekin batera, eta, 1997an, talde hura lehendabizikoz desegin zenean —Christianek segitu zuen, baina beste taldekide batzuekin—, Velocette sortu zuen. Gerora iritsi zen Kicker proiektua, eta 2007an New Yorkera lekualdatuta, lehendabizi The Soft City taldea, eta ondoren, Pale Lights, ziurrenik Suttonen egitasmorik ezagunena.
Love, Burns Suttonen bakarkako proiektua da, nahiz eta, orain dela sei urte abiatu zuenetik, beti inguratu den musikari lagunez. It Should Have Been Tomorrow (2022) bere lehenengo disko luzean, esaterako, Gary Olson (The Ladybug Transistor) eta Kyle Forester (The Ladybug Transistor, Crystal Stilts) izan zituen alboan, eta Pavement Drawings (2026) bere hirugarren eta azken diskoan ere, Foresterrek parte hartzen du —gitarra, baxua eta organoa jotzen besteak beste—, eta Jo Roman ere (Starcleaner Reunion) batu zaio taldeari —ahotsa—.
Guztien artean disko distiratsu, dotore eta oso melodikoa osatu dute, indie-pop klasikoari begiratzen diona beldurrik gabe, eta erreferentziak ezkutatzen ez dituena. Ez baita Pavement Drawings sorpresak dakartzan lana; bai, ordea, molde klasikoko kantu bikain ugari dakartzana . Hor dago, adibide eta eredu gisa, You Have to Be Sad, gitarra akustiko eta elektrikoak organo beti presente batekin uztartzen dituen pieza apartekoa. Kantu horretan suma daiteke Lloyd Coleren hasierako lanen eragina —Suttonen ahotsak berak harena gogorarazten du askotan—, baina, batez ere, Felt-ena. Izan ere, disko osoan nabaria da talde hark bere ibilbidearen bigarren partean —Martin Duffy organista sartu zenetik—, garatu zuen soinuaren arrastoa.  Â
Pop diskoa izanik ere, tempo ugariko kantuak bildu ditu Suttonek Pavement Drawings-en. Lasaia eta malenkoniatsua da diskoari izenburua ematen dion kantua, eta bide beretik doa Love is Like Semaphore ere, biolinak eta Jo Romanen ahotsak lagundutako abesti ederra. Hain zuzen ere, Romanek kantu ugaritan Suttonen ahotsari jartzen dion kontrapuntua da diskoaren ezaugarri nabarmenetako bat. Wallflower-en, adibidez, bien ahotsak naturaltasunez txirikordatzen dira, eta, kantuaren amaieran, haize tresnek beren lekua hartzen dute.
Love, Burns-ek iaz grabatu zuen single baten bi kantu ere berreskuratu ditu oraingoan Suttonek bertsio berrietan. Dear Carol, ziurrenik, diskoko kanturik zuzen eta indartsuena da, Yo La Tengo eta The Go-Betweensen artean kokatuko litzatekeen harribitxi bat, eta Drawn Together-ek, berriz, erakusten du elementurik soilenekin ere kapaz dela Sutton buruan iltzatuta gelditzen diren melodiak eraikitzeko.Â
Suttonek badaki lelo distiratsuak eta pop melodia ederrak egiten, baina baita kantu bakoitzari behar dituen detaileak gehitzen ere. Hala, momenturen batean, soul ukitu leunak ere eransten dizkio bere musikari (Goodnight, Charlie). Gainera, diskoa ixteko, Linda Smith musikari estatubatuar guretzat ezezagunak grabatutako kantu bat berreskuratu du: Emily’s House.Â
Laburbilduz, artifiziorik gabeko pop bilduma da Pavement Drawings. Denboraz gaindikoa eta une askotan bihotzera iristen dena.