Kritika. Artea

(Plastikozko) patata frijituak ketchuparekin

Mikel Onandia Garate.
2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
'Claes Oldenburg: 60ko hamarkada'

Lekua: Guggenheim Bilbao Museoa. Noiz arte: 2013ko otsailaren 17a arte.

Ezaguna dugu Claes Oldenburg (Stockholm, 1929) gurean, batez ere Bilboko Guggenheim inauguratu zutenean areto handienean instalatu zen laban itsasontzi mekaniko erraldoiagatik. Oraingoan, pop artearen, perfomancearen eta instalazioaren pertsonaia esanguratsuenetakoaren garai oparoenari erakusketa interesekoa eskaini dio.

Oldenburgen gazte garaiko produkzioa da mostraren muina, 60ko hamarkadako lan garrantzitsuenak hain zuzen, orotara 300 bat pieza, batez ere eskultura lanak, baina marrazki eta pinturak zein happening eta performance historikoak dokumentatzen dituzten filmak ere badira. Jatorri suediarreko artista estatubatuar hori, gaztetan hainbat hiritan bizi ostean, New Yorkera aldatu zen, non indarrean zen espresionismo abstraktuari alternatiba eskaintzen zioten hainbat artistarekin harremana hasi zuen. Kapitalismoak ekarri kontsumismo muturrekoaren lehen urteetan artista askok, Pollock eta enparauen pintura serio eta mistikoaz aspertuta, ironia duchampiarra berreskuratu zuten, beraien inguruan gerraostean sortu gizarte modu berria islatzeko gogoz.

Oldenburgen garai esperimental, emankor eta berritzaileena dugu; kaleko hondakin, kontsumo objektu zein produkzio industrialeko eguneroko gailuez interesaturik, eta eskultura tradizionalak material gogor eta iraunkorrak erabiltzeko joeraren aurrean, igeltsuz eta material bigunez artelanak gauzatzen hasi zen, sorkuntzaren alderdi performatiboena ere landuz. Instalazioak jolas analitiko eta umoretsu lez planteatzen zituen —iraupenagatiko arma gisa ulertua—, piezak oso baxu edo oso altu kokatuz, oinarri barik, hala ikusleei atentzioa emanez. Hala paratu dituzte hainbat Bilbon, sabaitik eskegita edo hormaren kontra ezarriak, antzoki bat balitz bezala, jatorrizko erakustokian lez.

Kalea-k kartoiz eta bestelako material pobrez egindako piezak biltzen ditu, baita paperean egindako marrazki eta margoak ere. Kaleko kultura komertzialaren gainbehera islatzen dute, kutsu dubuffetiarra-rekin, hiriko pop artearen alderdi dekadenteena agerian jarri nahian. Bere aldetik, Denda delakoak merkantzien mundu koloretsua du hizpide; Oldenburgek Manhattaneko lokal batean salgai jarri zituen kontsumo munduko eguneroko objektuak, forma arraro, material berritzaile —muselina, latexa, igeltsua, esmaltea, biniloa— eta kolore biziz gauzatuak, hala nola sukaldeko produktu eta tresnak, gozoki bitrinak, txokolatezko pastelak eta plastikozko patata frijituak ketchuparekin. Eskultura dibertigarriek betetzen zuten denda —lanak salgai zeuden— osoa baitzen, bere baitan, eskultura bat.

Etxea seriea, 1963an Kalifornian gauzatua, hotzagoa da, eta gizartearen alderdi domestiko eta pribatuena agertzen du. Irudikaturiko objektuek —argi etengailuak, konketak, giltzak, zigarro mutxikinak hautsontzian, zerrak zein entxufe trifasikoen bertsio ezberdinak—, batzuk bigunak eta beste batzuk zurrunak, jatorrian objektu horien itxuraren kontrakoa erreproduzituz, ikuslearengan esperientzia sentsual berezi eta dikotomikoa eskaintzen dute.

Espazio publikoetan gauzatutako proiektu ezberdinak ere presente daude, hala nola beldar ibilgailuaren gainean muntatu ezpainetako erraldoia, haren emazte eta artista Coosje van Bruggerekin egindako eskala monumentaleko proiektu ezberdinak, zein 80 eta 90eko hamarkadetan Solomon Guggenheim Fundazioarekin eta Frank Gheryrekin elkarlanean gauzatutako Kaliforniako binokular erraldoidun eraikina, kasu.

Bukatzeko, bitxikeria kabinete postmodernoa balitz bezala artistak berak bildumaturiko objektuak gordetzeko diseinatu Sagu Museoa dago; orotariko objektuak biltzen dira, hierarkia eta idulki barik, tresna eta gailu popularren mausoleo bat balitz bezala. Gauza bera gertatzen da egurrezko, alanbrezko zein plastikozko pistolen bildumarekin. Oldenburgen ustez, objektuek kulturaren transmisioan uste dugun baino esangura gehiago daukate; gizarte kapitalistan, kolektiboaren imajinazio, ideologia, desio eta obsesioak adierazten dituzte. Izan jakien igeltsuzko erreprodukzioekin, eskultura bigunekin edo eskala erraldoiko pieza publikoekin, inguratzen gaituzten objektuen gaineko pertzepzio aldaketa bat proposatzen du, 50 urte igaro eta gero gaurkotasunik galdu ez duena.

Pop artearen aitzindari honen erakusketa oparoa dugu, lan klasikoak bihurtu diren piezak —artearen historia liburuetan daude asko—, oso hauskorrak gehienak, laburbiltzen dituen hautaketa polita. Oldenburgek bere eguneroko testuingurua arte bilakatu zuen, inguruko errealitateari bestelako begiradaz aurre egiteko asmoz. Modu ironikoan arreta berezia eskaintzen die itxura, tamaina eta testura ezberdinetan sortutako objektuei, eta, aldi berean, gozamena eman gure zentzumenei.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.