Musika. Painted Shrines 'Heaven and Holy'

Poparen eta psikodeliaren oparotasuna

Diskoetxea: Woodist.

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Jeremy Earl (Woods) eta Glenn Donaldson (Skygreen Leopards, The Reds, Pinks & Purples) kaliforniarrak oso musikari emankorrak dira: lehenak disko bat argitaratu du urtero Woods folk eta pshych egitasmoarekin 2007az geroztik; bigarrena antzera ari da, 2019an The Reds, Pinks & Purples pop proiektua abiatu zuenetik —hil honetan hirugarren lana plazaratu du, Uncommon Weather—. Halaber, Donaldsonek Woodsen Sun & Shade grabazioan ere parte hartu zuen 2011n. Hartara, bi musikarien arteko adiskidetasuna aspaldian erein zen, eta oraindik dirau.

Esku artean dugun disko hau 2018an grabatu zen, Donaldsonek Earli eginiko gonbita tarteko. Kalifornia iparraldeko kostaldeko herri landatar batean bildu ziren, eta astebetean diskoan jasotako kantu guztiak sortu eta grabatu zituzten, aurretik aipatutako oparotasunaren seinale; Jeff Mollerrek (The Papercuts) baxua eta piano elektrikoa gehitu zituen.

Bada, pandemia tarteko, oraintsu ikusi du argia grabazioak, zeinak pop, folk, soft rock eta psikodeliatik edaten duten dozena bat doinu biltzen dituen, Woodsen hasierako lanetatik gertu. Eta zalantza izpirik gabe aitortu behar dut aurten nire belarrietara iritsi den disko biribilenetarikoa dela, behintzat doinu melodikoei dagokienez.

Kantu guztiak dira azpimarragarriak, baina ibilbide bat trazatuz gero, diskoaren hasiera nabarmendu behar da, Saturates The Eye doinua, gerora etorriko den olatua bikain aurreratzen baitu: fuzz gitarra psikodelikoek eragindako elektrizitate txinpartatsua eta jangle gitarra dirdiratsuek marraztutako amets-giroen arteko uztarketa aparta. Handik Gone abestira, zeinak The Go Betweens-en trazak erakusten dituen, piano jostalariz jantzita. Halere, bidean aurrera egin ahala, diskoa elektrikoagoa bilakatzen da. Aldaketa hori Soft Wasp interludio instrumentalak aurreratzen du, jarraian lanari izena ematen dion kantua zabaltzeko: wha-wha gitarra elektriko oldartuak gitarra akustiko baretuekin tartekatu eta batzen dira, psikodelia pop zaleko kantu euforikoa sortzeko, hazi baino egiten ez dena, diskoaren gailurra ukitu arte. Grabazioaren erdian kokatzen da une kritiko hori, baina amaierara iritsi baino lehen, Fool ere agertuko da, desertutik datorren western kutsuko doinu lisergiko lasaia. Segidan, burbuilak egiten dituen Coast instrumentala azaltzen da, diskoan bilduta beste perla bati ateak irekitzeko, Moon Will Rise. Horretan ere giro ilun eta eguzkitsuak uztartzen dira berriro ere, apurka-apurka bidaiaren azken hitzera iristeko, Pacem In Terris instrumentala.

Laburbilduz, bi musikariren ezaugarriak maisuki erakusten dituen marra bihurgunetsu eta gozagarria da Heaven and Holy. Denbora-pasa itxura duen elkarlanetik urrea ateratzeko ahalmena erakutsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.