Kritika. Antzerkia

Premiazko antzerkia

Agus Perez.
2026ko maiatzaren 20a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Fronteras’

Egilea: Henry Naylor. Zuzendaritza: Andres Lima. Eszenografia eta jantziak: Beatriz San Juan. Argiak: Valentin Alvarez. Antzezleak: Eneko Sagardoi, Carolina Yuste. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzaren 17a.

Izendapen berezi batekin etorri da Bilboko Arriaga antzokira Fronteras (Mugak) izeneko antzezlana. «Premiazko antzerkia» deitu diote nonbait, eta, emaitza ikusita, nago mesfidantza handiagoarekin joan behar nintzatekeela obra ikustera. Bizi garen aro honetan —biziarazten gaituzten aroan, hobeto esanda— edozer gauza da premiazkoa, urgentea, laster batean ebaztekoa, eta gauza jakina da sareetatik jasotako mezu presazkoek berekin dakartela iruzurraren amua.

Gure Eneko Sagardoi bikote protagonistako bat izatea zio nahikoa izan da antzokira hurbiltzeko. Lasai asko aitortzen dut bikote eszenikoaren beste erdia —Carolina Yuste— ez nuela ezertaz ere ezagutzen —aspaldi utzi nion zuzeneko telebista eta espainiar zinema ikusteari—, baina garai bateko Andres Lima zuzendariaz gogorapen ona daukat oraindik ere, honezkero higatua dudan arren.

Eta Henry Naylor egile britainiarraz zer esan? Antzezlana ikusten nuen bitartean gero eta argiago nuen entzuten ari ginen testua ez zela benetako antzerkigile batena, kazetari konformista edo telebista gidoilari batena baizik, eta Wikipediaren kontsulta ez da susmo horretatik oso urrun ibili.

Naylorren testuan bi gazteren bizitzak azaltzen dira taula gainean. Neska batek irudikatzen ditu Siriako Baxar al-Assaden kontrako matxinada eta askatasun gosea, eta 21 urteko mutilak foto-kazetaria izan nahi duen gazte mendebaldarrarena. Bien ibilbideak eta kontakizunak txirikordatzen joan dira emanaldian, eta horretarako zenbait teknika baliatu ditu egileak. Alde batetik, protagonista baten eta bestearen alternantziak; bigarrenik, baten esaldiak besteak askotan osatu izana; eta, hirugarrenez, pertsonaia bakoitzak bere inguruko beste batzuen rolak aldi berean jokatu izana, txukun jokatu ere, dena esan beharra badago.

Alde horretatik, eta bi aktoreen sendotasunari esker, efektu handiko teknikak suertatu dira, baina denbora garrenean ere nekagarri samarrak egin zaizkit, batez ere Yusteren manerakeria hala hitz egitean nola nerabe baten keinuen imitazioan. Bestetik, zuzendariaren eraginez seguruenik, deklamazio zatikatua eta nahita desentonatua erakutsi du Yustek hasieratik, eta geroago, Sagardoi ere kutsatu da gaitz ustez garaikide horretaz.

Alde eszenikoei begira, dena gertatu da plataforma horizontal baten gainean, proiekzioetarako oihal zeharrargi mugikor batekin osatua. Han egin diren proiekzioek abstrakziora jo dute gehienbat, soinu-espazio egokian murgildu dira antzezpenak, eta argiak izan dira benetako protagonista eszenikoak, noizean behin gehiegikeriaren muga-mugan ibili diren arren. Esan bezala, testua bera izan da ni ase ez nauena, zeren kutsu lizuna hartzen diot herri bateko —herri askotako— biztanleen izua eta miseriak doan zabaltzeari, mendebaldarron erabateko ikuspegitik, kontraste edo analisi politiko edo kulturalik gabe, testuaren arrakasta bilatu nahian eta gure kontzientzia txarra antzerkiaren bidez lasaitzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA