'Mundu guztiak'
Idazlea: Ruben Sanchez Bakaikoa. Argitaletxea: Txalaparta.
Espazio eta denborazko koordenatu zehatzek ainguratzen dituzte Ruben Sanchezek Txalapartan argitaratu duen Mundu guztiak liburuko ipuinak: 2046ra eta Green hiriko Saint Mary Streeteko zazpigarren atarira garamatzate hamalau konposizioek. Alde horretatik, 2025eko Ignacio Aldecoa saria irabazi duen obra ipuin ziklo bezala deskriba dezakegu: ipuin guztiak daude euren artean lotuta, nahiz eta buruaskiak izan eta independenteki irakurrita ere funtzionatzen duten. Ez da nobela bat, inolaz ere, baina, ipuin unitateaz haratagoko unibertso bat elikatzen eta sortzen dute guztiek.
Kasu honetan unibertsoak forma zehatz bat du: Green hiriko hiru pisuko eta bi eskuko eraikin bat da. Hala, binaka antolatuta dauden ipuinek, beheko pisutik hasi eta azkeneraino, eskuin-ezker, solairu bakoitzeko eta etxe bakoitzeko mundu pertsonal eta pribatu batera garamatzate. Bakoitzak bere talaiatik dihardu eta irakurleak askotariko bizitzak ezagutuko ditu: xaboiak egiten dituen preso ohi baten egunerokoa; etxean gero eta euli gehiago dituen bikote baten bizitza eta gertaera horrekin loturiko misterioa; hildako aita baten eta haren semearen arteko enkontru zibernetikoa; mikrotxipez konektatuta dauden adiskide biren istorioa eta agurra, beste batzuen artean.
Mundu horiek guztiak eta euretariko bakoitza kabitzen da, hortaz, nahiko distopikoa izan daitekeen eraikin polimorfo horretan. Izan ere, oso bestelako unibertsoak diren arren, ez dira bizitza atsegin eta idealizatuak; ipuinetako batean berebiziko indarra hartzen duen icebergaren irudia iraulita dakar pertsonaia bakoitzari dagokionez: protagonisten soslai ikusgarria baino, zoroagoa den profila eraikitzen da, irrazionalagoa, sakonagokoa. Alderdi horrek are gehiago batzen ditu ipuinak eta biribilagoa egiten ipuin ziklo bezala aurkezten den proposamen literarioa. Â
Teknikoki ere autoreak jakin du sendotasun hori ipuinen tripetara eramaten. Hala ere, alderdi batean huts egin didate gehienek: bukaerek, maiz, hotzegi utzi naute. Eta apropos baliatu dut orain lehen pertsona singularra juzgu guztiz subjektibo eta pertsonaletik baitihardut iritzi hori emateko. Nik neuk, irakurle bezala, gehien gustatzen zaidan ipuin tipoari bukaera efektistak izatea exijitzen diot; Cortazarren hitzak neure eginez, ipuinak K.O utz nazan espero dut, nolabait irakurketan zehar akumulatu zaidan tentsioa bukaeran lehertzeko-edo. Metafora hori oso klasikoa bada ere —agian klasikoegia gaur egun ipuinek hartu dituzten askotariko bideak biltzeko—, niri oraindik funtzionatzen dit. Horrenbeste gustatzen zaidan alderdi hori da, hain justu, Sanchezen ipuinetan aurkitu ez dudana.
Ursula K. Le Guinek aldarrikatu zuen bezala, fantasia eta zientzia fikzioa ihesbideak omen dira, lukurreriatik, ezjakintasunetik eta autoritatetik askeago egiten gaituzten aukerak. Bada, irakurleak egungo gizartetik atseden hartu nahi badu eta etorkizuneko balizko mundu bat ezagutu, etorriko denaren interpretazio posible bat, ñabardurak ñabardura, mental trip interesgarri bat eskainiko dio Sanchezen proposamenak, duda barik.