SIGMA PROJECT
Saxofoiak: Andres Gomis, Angel Soria, Albeto Chaves, Josetxo Silguero. Espazio eszenikoa: Francisco Javier Larreina.
Egitaraua: G. F. Haas, Ch. Czernowin, C. Shaw, J. Esnaola eta Ph. Glassen obrak. Lekua: Tabakalerako 1 Hall-a (Donostia). Eguna: abuztuaren 10a.
Musika Garaikideko Zikloa irekitzeko, Sigma Project taldeak konposizioa ulertzeko eta horri ekiteko modu desberdinak aurkeztu dizkigu bost konpositoreren obren bidez, denak ala denak azken 30 urteetan estreinatuak.
Georg Friedrich Haas austriarraren Saxofoi laukotea-k ireki zuen kontzertua, hamar minututan atsedenik ematen ez duen obra, amaigabea dirudien nota errepikakorren isuriak ia une oro betetzen baitu espazioa. Haatik, obra eta notak ez dira gauza bera, eta horiek sortutako osotasuna da entzun beharrekoa, intentsitate aldaketak, isiluneak eta tirabira harmonikoak barne. Esango nuke piezak nolabaiteko estura sortzen duela, etengabe ari baita kolpez, tonuak tenkatuz. Chaya Czernowin israeldarraren Undersongs sortaren hirugarren atala eskaini zuten gero, sorta osatzen duen azkena. Sigma Projectekin izandako kolaborazio prozesu baten ondorioz sortu zen obra, eta eurek interpretatu zuten lehen aldiz maiatzean. Taldekideek azaldu zutenez, obraren iruditeriak basamortuan zehar egindako ibilaldia du oinarri, eta oroimenean gordetako kanten pasarteak eta oihartzunak dakartza. Halabeharrez barnera begira jartzen gaituen pieza da.
Kontzertuaren erdian Caroline Shawren Entr’acte pieza eskaini zuten, pop kulturaren zein sorkuntza formalaren eremuan eroso mugitzen den konpositore estatubatuarrak 2011n idatzia. Jatorriz hari laukoterako pentsatuta, Sigma Projectek egindako moldaketak partituraren hausturak, errepikapenak eta soinu ahulak nabarmedu zituen, saxofoiaren soinuari guztiz egokituz. Ondoren, Jon Esnaolaren Zurrumurru piezaren erabateko estreinaldia izan zen, sekula atzeman ezin daitekeen soinuari segika sortua. Trinoak, tremoloak eta teknika hedatuen bidez soinua transformatu egiten du pixkanaka, zurrumurruari berezkoa zaion asegabetasun sentsazioa ere gehituz. Philip Glassen Saxofoi laukotea entzun zen azkenik, bere estetikaren pultsazio eta errepikapen elementuak biltzen dituena. Aukera bikaina gimnasioan makinarik ez duten bi gihar lantzeko: entzutea eta xehetasunei arreta jartzea.