Kritika. Antzerkia

Sergi, berezi eta bereizia

2025eko urriaren 12a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

'non solum'

Zuzendaria: Sol Pico. Egileak: Sergi Lopez, Jorge Pico. Antzezlea: Sergi Lopez. Musika: Bernardo Sandoval. Lekua: Senpereko Larreko kulturgunea. Eguna: Urriak 10. 

Zorionekoak Senperera gerturatu garenok Sergi Lopezen ikusgarrira. Umore existentzialeko bakarrizketa gisa deskribatua izen den Non Solum honek, egia esan, gutxi dauka bakarrizketatik. Antzezle bakarreko muntaketa da, hori bai, baina aktoreak ehun pertsonaia inguru antzezten dituenez, murrizte galanta izango litzateke, nire ustez, monologo kategorian sailkatzea. Ia-ia errespetu falta bat. 

Denon izaera poliedrikoa paroxismora eramanda, orain dela hogei urte Jorge Picorekin batera katalanez idatziriko testuaren hasieran, protagonistetako bat, atean jo ondoren, hutsik dagoen etxe batean sartzen da. Komedietako ohiko esketx laburra izan zitekeena garatzen da, gero eta pertsonaia gehiago azalduz, etxebizitzan doi-doi sartzen diren arte. Eta horra hor, non ikusten dugun Sergi Lopez bufoia, mimoa, arlekina bere onena ematen, finezian, energia aldaketa zurrunbiloan, uhalak galdu gabe pertsonaia ezberdinetan bereizten dela. Eta horratx antzezpenaren miraria, gutxitan bezala: ikusten ez dugun guzti-guztia ulertzen dugu ikusleok, oholtzako alimaleko artista honi esker. Nor zara zu? Zer egiten duzu hemen? Galdera sinple bezain sakonek filosofiakeria barregarrietan hasteko balio dute, baina beti-beti itxurakeria intelektualetik urrun suertatzen da proposamena. Horrela, gertutasun herrikoia du ezaugarri, publikoarekiko hurbiltasuna.

Eszenografian, argiztapen efikazekoa eta ia atrezzorik gabea. Janzkera dela eta, momentu jakin batean, trajeko jakari buelta emanda, bolero abeslaria ere bilakatu zitzaigun aktorea betaurreko pare baten laguntzaz. Eszenatokian tranpaldo txiki bat soilik. Katalanak oholtzako jaun eta jabe, ez du besterik behar. Gorputzaren imintzioak, eta disposizioak, aurpegierak, begien mugimenduak, ahots aldaketak, abesteko trebetasuna… den-dena pailazo jakintsu baten arima duen aktore baten jolasa, dibertimendua, eta, horrekin batera, puntako trebetasun erakustaldia. Horrela, Jacques Lecoqen ikaslea izan denaren eskola magistrala dugu Non solum, non barregarritasunez gain une poetikoak ere egon diren. Azken horri buruz abestu zigun Pau RIbaren L´home estatic kanta bilatzeko gomendatzen dizuet; letra zoragarria du eta, agian, azaltzen du Sergi Lopez zergatik ez den geldirik egoten obra guztian.  

Atzokoan, gainera, koherentziaz jokatu zen pieza: katalanez, euskarazko gaintituluekin. Bai, Senperen; bai, aretoa beteta. Eta ematen dit niri Sergi Lopez etxean sentitu zela guk bera etxeko sentitu genuen bezala. Ai! Zorionekoak gu, zinemako pantailatik kanpo ikusi zaitugulako, hain gertu, hain haragizko, Axuten eskutik Harituz jardunaldietan. Gehiagotan etorriko zara? Beste behin ekarriko duzue? Esan baietz, mese.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.