Kritika. Zinema

Silvia bere bakardadean

Gontzal Agote.
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
'No tengas miedo'

Zuzendaria: Montxo Armendariz. Zuzendaria: Michelle Jenner, Luis Homar, Belen Rueda. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 90 minutu.

Beldurrik gabe heldu dio Montxo Armendarizek tabu handia den gai mingarri bati, haurtzaroan nahiz gaztaroan hurbilekoengandik pairatutako sexu erasoei. Berean ezohikoa den moldea erabiliz, dokumentala eta fikzioa uztartu nahi izan ditu, filmak bi gauza izan nahi dituelako aldi berean, kontakizuna zein testigantza.

Lehen minutuko pantaila beltza ikusleentzako abisua da; berehala lehen zartakoa jasoko du. Kamera haurren altuerara jarrita begiratzen dio errealitateari, eta off-ean gertatuko dena are mingarriago bihurtuko du.

No tengas miedo-k hasiera-hasieratik aukeratzen du bere bidea, amaiera arte utziko ez duena: Silviaren oinaze, jakin-min eta etsipenaren biografia intimoa da. Protagonista hura da, eta ez soilik pantailan agertzen den denboragatik. Haren ikuspuntua da zuzendariarena, eta tarteka zabaltzen diren bihurguneak baztertuz, tinko mantentzen da berean.

Gaur egun gisa horretan jokatzea txalotzeko moduko kontua da, ohikoena kontrakoa izaten baita, istorio baten barnean beste hamaika istorio txiki kontatu nahi izatea. Ohi duen neurritasuna agertu du beste behin Armendarizek, zintzoa da kontatu nahi duenarekin, eta horretarako aukera ugari dituen arren ez da artifizialkerietan galdu. Horiek horrela, munstroaren epaiketa etiko edo moralari zein amaren ezjakintasun erosoari iskin egin die.

Jarrera irmo hori arriskutsu gertatzen ahal da. Filmak aurrera egin ahala Iruñean gertatzen diren gorabehera guztiek atonaltasun puntu bat hartzen dute, emozioak kontrolatu nahi izate horretan hoztasunaren eremura hurbiltzen da narrazioa.

Alde horretatik, ia ezinbestean No tengas miedo gai bertsuko beste pelikula batekin harremanetan sartzen da, Elisa K-rekin (Judith Colell eta Jordi Cadena, 2010). Bakoitza bere ikuspuntutik eta oso molde narratibo diferenteak erabilita, gaiak sortzen ahal duen sentimenduetatik urruntzen saiatzen dira bi filmok.

Nahitaezko distantzia hartuta, gehienbat galderak egiten dituen filma da No tengas miedo. Hainbat gauza nola gertatu ahal diren edo zer dela-eta hartzen diren hainbat jokabide, horiek dira Silviak bere buruari egiten dizkionak, eta horiek dira Armendarizek ikuslearekin partekatu nahi dituenak. Ez baita zuzendari nafarrak egiten duena erantzunen zinema, galdera edo harridura markena baizik, eta joera hori muturrera eraman du bere azken film honetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.