'PINpilinpauxa horiak'
Konpainia: Mairu Antzerki Tailerra. Testua eta zuzendaritza: Gaizka Sarasola. Antzezle zuzendaritza: Manex Fuchs. Eszenografia: Livory Barbez, Jon Lopez, Martxel Rodriguez. Atrezzoa: Beñat Saralegi, Juanen Saralegi, Eloi Lopez. Argiak: Andoni Mendizabal. Jantziak: Idoia Beratarbide. Soinu-diseinua: Ibai Gogortza. Antzezleak: Ritxi Abril, Josune Etxepare, Iban Garro, Itziar Telletxea, Ainara Ribera, Juanen Saralegi, Gaizka Sarasola. Lekua: Lesakako Harriondoa antzokia. Eguna: Abenduak 6.Â
Kolonbiako bake akordioak sinatu zirenean, Ivan Marquez komandanteak esan zuen: «Amaitu da gerra. Esaiozue Mauricio Babiloniari pinpilinpauxa horiak aska ditzala». Memoria freskatzearren esango dut Garcia Marquezen Cien años de soledad eleberriko pertsonaia bat dela Babilonia, eta tximeleta horiz inguratuta agertzen dela.
Ordea, Gaizka Sarasolaren testuan inguratuta dagoena ez da errealismo magikoko pertsonaia hura, Pinpilinpauxen benta baizik, eta sute ikaragarri bat da mendiko ostatua inguratzen duena. Barruan dauden pertsonaiak tximeleta harrapatuak balira bezala ikusi ditu egileak: bakoitza bere burua babestu nahian eta besteei arima irekitzeko gogo gutxirekin. Eta kanpoan suak ez du tregoarik ematen.Â
Intriga puntu bat ere gehitu dio egileak planteamenduari espazio itxi batean denetariko pertsonaiak elkartuz, genero horretako eleberrietan bezala. Gainera, pertsonaien barietateak abagunea eman dio hainbat konturi ekiteko. Haietariko bat, adibidez, etakide izan zen garai batean, eta orain iragan hartaz gogoetatzen da; beste bat moja ibili zen Kolonbian, eta han torturak jasan zituen… Denen artean giza talde bitxia bezain aberasgarria osatzen dute, eta tabernan bizitza egiten duen mozkortiak umore txinpartak tartekatu ditu noizean behin. Baina ez da bera bakarrik izan, emanaldian zehar zenbait pasarte barregarri sortu baitira printzipioz tragikoa izan beharko zuen egoeran.
Testuaren indar dramatikoaren defentsan aipamen berezia merezi dute Mairu taldeko partaide guztiek, Manex Fuchsen gidaritzapean erabateko sendotasuna erdietsi eta koordinazio ederrean jardun baitute, sinesgarritasun handia emanez berez errealismo magiko sinesgaitza izan zitekeenari.Â
Horren guztiaren oinarrian eta testuari zein antzezpenei babesa eta indarra emanez egon dira argien eta soinuaren diseinuak, baina beste ezeren gainetik eszenografia da elementurik aipagarriena. Sarasolaren gustukoak dira disposizio eszeniko borobilak, eta oraingo honetan makila luzez hornitutako lanpara zirkular batek presiditu du dena, beste elementu xume baina efikazak —leihoak, atea, besaulkia, salmahaia…— haren inguruan kokatuta. Elementuok lekuz aldatu dira noizean behin, pausatuki eta erlojuaren kontrako norabidean, metafora plastiko polita eginez deboraren iragatearen kontura. Beste metafora bat, hortaz, berez metafora ederra den pieza honetan.