HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Sumendiak'

Sutan

Idazlea: Pascale Hedelin. Ilustratzaileak: Julie Mercier eta Sandrine Thommen. Itzultzailea: Aztiri. Argitaletxea: Ttarttalo.

2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ikaragarria da Ttarttalo argitaletxea jakintza liburuen alorrean egiten ari den lana.

Interesgarria eta ezin galduzkoa. Euskal letretan dagoen jakintza-liburu eskasiari aterabidea emateko beharraren arrastoan dator, eta eskertzekoa da.

Are eskergarriagoa, ikusita zein titulu kaleratu dituzten. Esaterako, miresgarriak iruditzen zaizkit Biziaren historia, 100 kontu ondo ezagutzeko zientzia, Tatsu Nagataren piztia handiak, Zeltak (bilduma lau kultura desberdinek osatzen dute), eta Kika yoga egiten, gaia aukeratzean proposamen berrietara irekitzen direlako betiko topikoetatik aldenduta, eta estilo berritzaileak eta eraginkorr(ago)ak erabiltzen dituztelako.

Suposatzen da joera horri jarraipena emanez hasi zirela joan den udazkenean Editions Milan argitaletxe frantziarraren Wakou bilduma euskarara ekartzen. Dagoeneko lau titulu itzuli dituzte.

Irakurle hasiberriei begira egina dago. Nire gusturako, ez da bilduma bikaina, Milanek frantsesez kaleratutako zortzi tituluetatik seitan ez duelako arriskurik hartzen gaiak proposatzean (Les dinosaures, Les poneys, Les bébés animaux, La ferme, Les 4 saisons eta La mer) nahiz eta bitan (Les petites bêtes eta Les volcans) ausartago jokatu duten, eta okerragoa dena, liburuen egitura aski korapilatsua delako, ezta irakasleek entenditzeko modukoa ere (probatu dut eskoletan, eta irakasleei kosta egiten zaie aurkibidea ulertu eta erabiltzea).

Bildumak baditu, noski, ezaugarri onak ere: testu mota ugaritasunak irakurketa modu desberdinak sustatzen ditu; informazioa eskaintzeko era aniztuna da, eta antzaldatu egiten da beharraren arabera; eta irudien formatu hirukoitzak (argazkia, marrazketa infantila, marrazketa zientifikoa) —kasuan kasuko beharren arabera aukeratua— dinamismo handia ematen dio irakurketari, ez aspertzeko moduan.

Pozik, beraz, itzuli berri den Sumendiak liburuarekin. Interesgarria da, eta gutxitan jorratua den gaiari sarrera orokor bat egiteko adinako informazio eskaintzen du, Wakou bildumaren ezaugarri on eta txar guztiekin.

Tamalez, itzulpenarekin ez da asmatu, zientzia dibulgazio liburu batek eduki behar duen oinarrizko printzipioa urratzen duelako: emandako datuak ezin dira asmatu ad hoc, komenientziaren arabera. Terminologia muineko kontu bat da dibulgazio liburuetan: ezin dira izenak asmatu! Eta liburu honetan izen bat baino gehiago asmatu da.

Esaterako, lurraren nukleoari hazia deitzen zaio (erka bedi frantsesarekin), tximino urdinari zerkopiteko diademaduna, turakoaren familiako kide bat Hartlaub-en taurakoa dela ebatzi da aurrekari zientifikorik gabe, eta tauraco zein turako izanik euskal tradizioan aukera bakarrak...

Akats gehiago ere badaude, nik dozena bat topatu ditut, baina kopuruak ez nau arduratzen. Kontua da dibulgazio liburu bat guztiz fidagarria izan behar dela, ezer izango bada...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.