Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak orain dela egun gutxi egindako elkarrizketa batean aipatu zuen behin baino gehiagotan saiatu direla The Beach Boys taldea jaialdira ekartzen, eta emanaldiak nahiko lotuta izan arren, ezin izan zituztela egin, arrazoiren batengatik edo besterengatik. Azkenean, baina, iritsi da taldea Donostiara, eta Kursaalean jotzea egokitu zaio, eta ez hondartzan, The Beach Boys izenak berak eta herri musikaren iruditerian taldearekin lotzen direnak iradoki dezaketenaren kontra. Agian horregatik, atzo euri arriskua zen nagusi Kursaalaren kanpoaldean.
Barruan, ordea, bestelakoa zen giroa. Argitasun faltari aurre eginez, XXI. mendeko The Beach Boysek nostalgiari eutsi zion 1960ko hamarkadako Kalifornia eguzkitsu hura gaur egunera ekartzeko orduan. Mike Lovek —jatorrizko taldetik gelditzen den kide bakarrak— eta Bruce Johnstonek —1965ean sartu zen taldean— banda handi bat osatu dute euren inguruan, eta jakinda adinak dezente apaldu dituela beren gaitasunak —84 urte ditu batek, eta 83 besteak—, eta Loveren ahotsak ez duela garai bateko indarra, taldeko beste kide batzuek hartu zuten The Beach Boysen kantutegi klasiko eta ia mitikoa interpretatzeko ardura. Bi musikari nabarmendu ziren beste guztien gainetik: Brian Eichenberger ahots ederreko abeslari eta gitarrista fina batetik, eta Jon Bolton bateria jole ikusgarria bestetik. Azken horrek hainbat pieza kantatu zituen bere ahots ederraz, irribarreari eutsita bateria indarrez jotzen zuen bitartean.
Nolanahi ere, gaueko protagonista nagusia Kursaalean bertan ez zegoen hura izan zen. Izan ere, atzoko kontzertuan entzun ziren kantu gehienak Brian Wilsonek idatzi zituen: oraindik orain zendu da Wilson, eta emanaldi osoan presentzia handia izan zuen haren oroitzapenak. Wilson «munduko konpositorerik onena» izan zela adierazi zuen Lovek, eta hari eskainitako omenaldi bideoak hunkitu egin zituen Kursaalean bildutako bat baino gehiago.
Kontzertuan entzun ziren kantu gehienak Brian Wilsonek idatzi zituen: oraindik orain zendu da, eta emanaldi osoan presentzia handia izan zuen haren oroitzapenak
1960ko hamarkadan eraikitako kantutegi haren parte handi bat surfari, hondartzari, neskei eta autoei eskainia zegoen, eta hori guztia bildu zuten ordu eta erdi pasa iraun eta 33 kantu jaso zituen emanaldian. Pieza horietako batzuk, autoak protagonista dituztenak hain zuzen ere, pot-pourri moduko batean eman zituzten (Little Deuce Coupe, 409), baina, batez ere kontzertuaren lehenengo partean, surfa eta hondartza gai nagusi dituzten pieza ezagunak eman zituzten: Surfin' Safari, Catch a Wave, Surfin U.S.A klasikoetan klasikoena, Kursaaleko auditoriumeko ikusleei sakelako telefonoko linternak pizteko aukera eman zien Surfer Girl goxoa, eta baita Ramones taldeak 60ko hamarkadako doinuen omenez idatzitako Rockaway Beach bizia ere. Hala kantu horietan nola kontzertuko gainerakoetan, 60ko hamarkadako Kalifornia hartako eta The Beach Boysen irudi zaharrak biltzen zituzten ikus-entzunezkoak erakutsi zituzten.

Ez zen Ramonesena taldeak egin zuen bertsio bakarra, besteak beste Leadbellyk idatzi eta publiko zabalari Creedence Clearwater Revivalen moldaketarekin iritsi zitzaion Cotton Fields, Eddie Cochranen Summertime Blues eta The Mamas and The Papasen California Dreamin' jo baitzituzten, duin baina hotz samar.
Hondartzaz bestelakoak
Wilsoni eginiko omenaldi xume baina sentikor batek nolabaiteko bloke aldaketa bat ekarri zuen kontzertura, saioaren bigarren partean surfaz, autoez eta hondartzaz bestelakoek ere hartu baitzuten lekua. Bira honetan John Stamos aktore eta musikaria gonbidatu dute —gitarra eta bateria jotzeaz gain, abestu ere egin zuen—, eta hari egokitu zitzaion Dennis Wilsonek idatzi zuen Forever goxo bezain erromantikoa abestea.
Ordura arte taldea txukun baina hunkitzeko gaitasun handirik gabe aritu bazen ere, handik aurrera zerbait aldatu zen. Mike Loveren seme Christiani God Only Knows maiestatikoa abestea egokitu zitzaion, eta, jatorrizkoan Carl Wilsonek zapaldutako gailurretara iritsi ez bazen ere, zirrara eragin zuen ikus-entzuleen artean. Eta gauza bera gertatu zen Good Vibrations-ekin ere —Christian Lovek abestua eta, kantuak behar duen bezala, ahots harmoniaz jantzia—. Bigarren partean Sloop John B eta Wouldn't it be Nice miragarriak ere jo zituzten, baita California Girls eta Then I Kissed Her, eta izan zen taldeak 1980ko hamarkadan grabatu zuen kantu bat berreskuratzeko aukera ere (Kokomo ).
Ikusleen artean zeuden hiru lagun gonbidatu zituzten Barbara Ann abestera, eta Fun, Fun, Fun-ekin alde egin zuten. Irribarretsu, publikoa agurtuz eta lanak duin egin zituztelako irudipenarekin.