Artea. Kritika

Txiki, txiki, txikia

Elena Aitzkoaren erakusketak tamaina oso txikiko lanak biltzen ditu. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Artea

Elena Aitzkoa

Erakusketa: Chocolate Chocolate Muffin. Lekua: Egia kultur etxea. Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 27ra arte.

Istripua gertatu eta gero, trena hankaz gora gelditu da, eta, derrigorrean, norabidea aldatu du. Egiako aldapa puntan dugu Chocolate Chocolate Muffin, Elena Aitzkoaren oparia. Istripua gertatu eta gero, trena mila zatitan apurtu da, eta, ezinbestean, erakusgelan barrena gorpuzki txikiak zabaldu dira. Istripua gertatu eta gero, ia-ia zuria da guztia, kontu handiz jarritako objektu txikiak ez, beste guztia. Aitzkoak ez du erakusgelaren espazioa gehiegi okupatu, eta, lorategi batean sartuko bagina bezala, bidezidorrak proposatzen dizkigu. Muinoz muino, objektuz objektu, bizirik dirauenaren partikulartasunean murgiltzen gara. Talka gertatu eta gero, gelditu diren gorpuzki-objektuen testigu izatera gonbidatzen gaitu, hondamendiaren ostean berreraikitzerik badela erakutsiaz. Berreraiketek, akaso bizitzaren beltza bisitatu dutelako, zerbait berezia jasotzen dute; Ruperrek kantuz dioen moduan, horrelakoetan irabazi egiten dugulako galdu baino gehiago.

Mina ordurako entzun bakarrik egiten zen. Gero eta bakanagoa zen izan zenaren oihartzuna, gero eta urrunago zegoen nahigabearen kiratsa. Eta, hala, istripua gertatu eta gero sortzen diren kosmologia berriei aukera emanez, istripua bera ezberdin ulertzen da. Aurrerantzean pentsatuko dugu talka aukera ere badela eta, heriotza eta bizitza, eta mina eta poza, eta ezbeharra eta jaiotza elkarrekin dabiltzala; Aitzkoak dena-denarekin elkartzera gonbidatzen gaituelako, aldarrikatuaz: «Que el mar se entere por fin de lo que es ser un desierto pisado».

Ohiko paretak alde batera utzi, eta objektuak lurzoruan jarri ditu. Txikiak dira, tamainaz, eta ikusteko hurbildu egin behar gara; disposizio aldaketak eta tamainaren txikitasunak, era berean, gure gorputzaren posizio aldaketa eskatzen dute, eta, tente ikusi ordez, makurtuta ikusten dugu erakusketa. Georgia O'Keeffe pintoreak zioen moduan, inork ez du lore bat ikusten; loreak txikiak direlako eta denbora behar delako, izan ohi ez duguna, horiek ikusteko. Chocolate Chocolate Muffin-ek gure denbora eta gorputza tolestatzea eskatzen digu, hala, normalean begiratzen ez dena ikusiko dugulako.

Ezagun zaigunari gogor oratzen diogu. Oratzeaz, elkartzeaz, biltzeaz, esango nuke ari dela Aitzkoa; hain zuzen ere, ezagun zaiguna ezberdin elkartzeaz, biltzeaz, oratzeaz. Horretarako, batetik, materialei dagokienez, eguneroko testuinguruan eskura dituenak, tela zatiak, arropen pintzak, margoak, katilua, plastikozko loreak, aldizkari bateko lorategiaren irudia… multzokatzen ditu, eta sortzen du poetika berezi bat ezaguna modu ezezagunean aurkeztuz. Bestetik, multzokatzea irudikatzeko zenbait ekintza gogorarazten dizkigu: muino bat beste batekin harremanetan jartzen da, gorputz batek beste bat besarkatzen du, ama sabeleko umearekin batzen da, pastel pintura arkatzaren trazuarekin nahasten da, akropolia, eguzkia eta ilargia elkarrekin biltzen dira, maindireak azalarekin bat egiten du… Eta guztiaren batzea, unibertsoa islatuko duen larruazal elastikoa eraiki nahi du, erakusgelako gune sinbolikoan aurkezten da. Ohikoari, ezagunari, bai materialei eta bai ekintzei ere, beste agertze bat emanaz.

Gutariko bakoitzak, gure gorputzaren eremuaren txikitasunean, unibertsoaren misterioa gordetzen dugu. Txikiak handia azaltzen du, erakusketa txikia da gaurkoa, erakusgela txiki batean dagoena, objektu txikiz osatzen dena, bitarteko txikiak erabili dituena... eta, nolabait, txiki horiek guztiak batuz, txiki izanda ere, handia ere badena. Txiki, txiki txikia, hasi naiz handitzen, hasi naiz handitzen. Aitzkoak tamaina handiko lanak egiten zituen lehen, baina azken urteotan gustuko du esku artean sartzeko moduko formak sortzea, egiten duenarekin erraz maneiatzea. Halakoak aurkeztu zizkigun Basauriko Ariz dorrean Kiko Perezekin egindako Cohetes erakusketan eta Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultur Etxean Raul Dominguezekin eginiko Acontecer tonto erakusketan ere.

Eta azkenean hauxe diosku: «El contenido no contiene nada, yo siempre lo supe». Izateko, izan bainoago, eraiki egin behar dugu. Eginean dugu altxorra. Beti ari baikara buztingilea bezala, buztinezko formarekin, milaka elkartzerekin, batzerekin, oratzerekin… hutsunea modelatu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.