Literatura. 'Barrenetik zulatzen zaitut. 8 ahots itsasertzetik'

Ur-lasterrak

Idazleak: Yanina Giglio, Sara Montaño, Denisse Griffith, Ingrid Bringas. Itzultzaileak: Leire Vargas, Sarai Robles, Jone Makazaga, Miren Irizar. Argitaletxea: Liberoamerika.

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Iritsi zaigu Liberoamerika argitaletxearen bigarren euskarazko uzta, Barrenetik zulatzen zaitut. 8 ahots itsasertzetik poesia eta itzulpen bilduma. Idazle pareek osatzen dute obra, guztira zortzi badira ere, elkarlanean dihardute binaka: batek jatorrizko testua eskaintzen du, kasu guztietan erdaraz datorrena; besteak, ostera, horren itzulpena. Edo, berridazketa esan beharko nuke, agian; euskaratutako testuen atzean askoz ere gehiago ezkutatzen dela ohartuko baita irakurlea, testu bera berrirakurtzeko aukera bat, poema sorta interpretatzeko beste begi batzuk, esanahi bertsua eraikitzeko beste hizkuntza bat. Zortzi idazle, lau obra eta hainbat elkarrizketa transnazional.

Argitaletxeak ozeanoa alderik alde zeharkatu eta zubiak eraiki ditu oraingoan, zubi urezkoak gainera. Izan ere, nork bere lekutik, nork bere azaletik eta barrenetik idatziagatik, ura da konposizio gehienetan errepikatzen den motiboa, batzuetan metaforaz mozorrotuta, eta, gainontzekoetan, sinboloz. Baina, guztietan ere konnotazioz janzten ditu olerkiak; likidotasunak bakarrik eskain diezagukeen iheskortasuna, moldagarritasuna,irisgarritasuna, eta beste tasun ugari errepresentatzen baitituzte gorputzek. Iruditeria likido horrek, halaber, liburuaren hainbat alderdi josi ditu eta proiektu literarioari zentzua eman dio, koherentzia; horra hor liburuaren indargunea: hasteko, idazleen diskurtsoak batu ditu, poeta orok ustiatu duen baliabide literarioa den aldetik. Hautatutako perspektiban ere bat datoz diskurtso guztiak, barrenetik hitz egitearen aldeko apustua baitakar liburuak, eta, kontuan izanda hein handi batean urez gaudela osatuta, poemetan aurkezten den barne munduak izan dezake loturarik urezkotasunarekin, zentzu estetikoan bederen. Azkenik, helburu beraren aldekoak ere badira guztiak, ez dira-eta nolanahiko urak ekartzen orriotara, ertzetakoak baino, periferikoak. Xede horri tiraka, esango nuke parte hartzaileak (denak) emakumezkoak izatea ere ez dela kasualitatea izan.

Dena den, aniztasunetik eraikitzen den obra ere bada mintzagai duguna, olerkari bakoitzak berea eman baitio edizioari: lehenengo idazle pareak, Yanina Gigliok eta Leire Vargas itzultzaileak, esaterako, iraganeko mamuei hitz egiten die, gorputzez eta azalez testu barneko narratarioa hezurmamitzen dute euren poesian. Bigarrenek, Sara Montañoren jatorrizko testuek eta Sarai Roblesek euskarara ekarritakoek, ordea, laburtasuna dute akuilu, eta poesia bisualagoaz baliatuz, giza harremanez dihardute nagusiki. Denise Griffithen hitzek, Jone Makazagaren itzulpenekin, iragandakoei begira jartzen gaituzte, eta, begirada nostalgikoz, geratutako hutsuneez eta huts horien ondorioez mintzo zai(zki)gu. Azken bikoteak, Ingrid Bringasek eta itzultzaile lanetan aritu den Miren Irizarrek, batik bat tropoekin egin dute jolas eta etxearen eta gorputzaren artean dagoen lotura fina iradoki.

Guztiarekin ere, bizipen pertsonal eta intimoetatik mintzo zaizkigun sortzaileak aurkituko ditu irakurleak obran, erritmo lasterrean eta dosi txikietan dastatzeko mokaduak, hain zuzen: «Ura izan nahi dut /eta tantaz tanta elikatu /azken itxaropena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.