Kritika

Urte berriak eman onurak

2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Musika

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Roberto Mintzuk. Bakarlaria: Joaquin Atxukarro. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Urtarrilak 13.

Urte berriak kontzertu mamitsua ekarri du Euskaldunara. Mintzuk-en zuzendaritza sendopean, BOSen suspertzeaz, Atxukarroren gorputzaldiaz eta Aurelio Edler-Copesen estreinaldi absolutuaz gozatu dugu. Oso atsegina iruditu zait brasildar konpositore gaztearen Gogoratzen ote du itsasoak nor dabilen bere gainean oinez? lan labur interesgarria. Erkoreka eta Lazkano euskaldunen ikaslea izanik, Edler-Copesek memoriaren eta itsasoaren arteko elkartzearen gaineko hausnarketa atonala egin du: hari instrumentuen soloak noizbehinka azaltzen dira soinu fondoaren artetik (perkusioa oinarrian), denboraren iragaitea hezurmamitzen duten agerpenak balira bezala, urratutako bidean agertzen diren oinatzak bezala, egilearen esanetan. Prozesu honetan, soinu lerro bakoitza lehertu egiten da azkenean kluster mugikor batean.

Kontzertuaren bigarren zatian, Joaquin Atxukarroren joaldi ona entzuteko parada izan genuen, Brahms-en pianorako 2. kontzertu erromantikoan... eta zailean. Sasoiko dago bilbotar maisua. Lehen mugimenduko gai pluralak modu distiratsuan eman zituen; bigarrenean, erritmoa eta azkartasuna erakutsi zituen eskala kromatikoetan edo arpegioetan; hirugarrenean, berriz, lirismoa tempo irregularretan; eta laugarrenean zehaztasuna eta intimitatea. Mintzuk-ek ondo orekatu zuen bakarlariaren koloretasuna. Baina orkestraketa zuzendariak Prokofiev-en Romeo eta Julieta-ren suiteetako pasarteetan eman zuten onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.