Kritika. Dantza

'Vanitas' itxaropentsua

Led Silhouette konpainiaren 'Ultimatum' dantza ikuskizuneko irudi bat. KONPAINIAK UTZIA
Led Silhouette konpainiaren 'Ultimatum' dantza ikuskizuneko irudi bat. KONPAINIAK UTZIA
2026ko maiatzaren 23a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ultimatum'

Ultimatum lana Led Silhouette dantza taldearen ibilbidearen ezaugarri estetiko eta filosofikoak egiaztatzera dator. La Veronaleko Marcos Moraurekin batera Jon Lopezek eta Martxel Rodriguezek ondutako Los perros (2022) lanaren ondoren, Halley-n (2024) egin zuten salto anbiziotsuari eutsi diote oraingo honetan ere. Lesakan du egoitza Led Silhouette konpainiak, eta lan honetan, sei dantzari kokatu ditu oholtzan. Horretaz gain, eszenografian eta soinu bandan ahalegindu dira beren onena eskaintzen. Jon Lopezek eta Martxel Rodriguezek ez dute, ez, bide samurrenera jotzen. 

Off-eko ahots bat ingelesez aritzen da. Ele bitan irakurtzen dugu itzulpena. Mezua nahiko kriptikoa suertatzen zaigu, nahiz eta esaldi batzuk ondo harrapatzen ditugun: «amnesikoak gara», «zer egin liteke amore ematea baino». Ahotsa isildu egingo da tarteka, baina gero tonu eta antzeko esanahi irekiak aletuko dizkigu: «zu bizitzen bazara, ni biziko naiz», «ez dakigu goian ala behean gauden»... Zer pentsatua ematen diguten espresio nolabaiteko aztoragarriak. Aldi berean, oholtzaren erdian, altura gutxiko plataforma birakari batean, orein bat ikusten dugu, hila. Kaxako hiru paretetan baso errealista bat irudikatu digute. Dantzariak azalduko dira gris tonalitatetan jantzita, meatzariak eta espazio-ontziko bidaiariak nola, bakoitzak bere argiari eusten diola. Fokuekin eta esku-argi horien bitartez, jolas bisualki interesgarriak sortu dituzte haien arteko kontrastean; soinu bandak eta musikak aipamen berezia behar dute: izan zaratak ala izan melodiak guztiz pertinenteak izan dira. Koreografiaren mugimendu errepikatzaile, urduri eta azkarrek hainbat intsektu zein hilzorian dauden arrainen konbultsioak ekartzen dizkigute gogora. Solo edo duetoek ez dute, inolaz ere, dantzarien trebeziaren adierazlea izan nahi, eta horren harira lagun batek esan dit —exekuzio perfektua miresteaz batera— koreografia ez dagoela alarde teknikoa egin dezaten pentsatua, baizik eta kontatu nahi dutenaren zerbitzura. Eta arrazoi du. 

Egia esatera, ez dakigu etorkizuneko biztanleak ote diren gu behatzen, ala gu geu garen iraganean zer suntsiketa sortu genuen deskubritzen. Emanaldiak zientzia fikziozko iruditeria zinematografikoarekin zerikusia dauka, baina baita arte historiaren hainbat irudirekin ere, hala nola Erdi Aroko bestiarioetan agertzen den oreinaren sinboloarekin, pietateetako antzerako gorputz disposizioekin, agnus dei-ren sakrifizioarekin, antzinako Silvanus edo basajaunen errepresentazioarekin. Harrigarria da nola eraiki duten sentsibilitate garaikideari primeran datorkion giro eszenografikoa aipatu elementu «klasiko» horiek baliatuz, eta, gainera, azken partean nola —boladan dauden tendentziei jarraituz— biluztu duten eszenatokia, nola erabili duten puzgarri bat. Amaieran, Ultimatum-ek itxaropena gordetzen duen vanitas dantzatua dela okurritzen zait.

Amaieran ikusle anitz  altxatu ziren ikuskizunaren kalitatea eskertzeko. Dantza garaikide zaleak pozik atera ziren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA